Guardianen itxiera

ELAk epaitegira jo du, Guardianek ez dezan labea itzali

Erredakzioa 2025ko urt. 27a, 13:31

Guardian enpresako langileen mobilizazioa.

Sindikatuak premiazko kautelazko neurrien demanda aurkeztu du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegian, enpresaren erabakia egikaritzea ekiditeko helburuarekin.

Esku hartzeko eskatu dio ELA sindikatuak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiari, premiazko kautelazko neurrien demanda aurkeztuta gaur goizean. Horren bitartez, langile erakundeak ekidin nahi du Guardian taldeak Laudioko lantegia itzaltzea eta erabilgaitz uztea.

Halaber, sindikatuak mezua bidali die Eusko Jaurlaritzari, Industria Sailari eta Lan Sailari, datozen orduetan eragotzi dezaten multinazional amerikarrak labea geldiaraztea.

Berehalako neurriak

Premiazko egitasmo horiek bat datoz Guardian enpresak erakutsitako presarekin. Izan ere, hasiera batean multinazionalak adierazi zuen otsailaren 3an ekingo ziola labea itzaltzeari

Horrek ekarriko du azpiegitura behin betiko funtzionamenduz kanpo uztea eta, hori ekiditeko, Guardian Llodioko enpresa batzordeak iragarri zuen grebara joko zutela.

Dena den, multinazionalaren zuzendaritzak aurre hartzeko saiakera egin du eta asmoa da urtarrilaren 29an bertan hastea labea amatatzen

Osalanen txostena

Mobilizazioak eta epaitegiko salaketak ez ezik, langile batzordeak bestelako bideak ere hartu ditu. Esaterako, Osalani eskatu dio txostena egitea labearen itzalketari buruz. Izan ere, langileen aburuz, hori egiteak arriskuan jartzen du eraikina bera eta beharginen segurtasuna.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide