Guardianen itxiera

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiak baztertu du Guardian enpresako labearen itzaltzea gelditzea

Erredakzioa 2025ko urt. 28a, 14:29

2012an Guardianeko langileek egindako mobilizazioa. / Aiaraldea.eus

Epaitegiak jakinarazi dio ELA sindikatuari ez duela bere demanda onartu. Hala ere, Lan Ikuskaritzak ere izan dezake prozesua eteteko aukera, salaketa sartu baitute sindikatuek.

Bide judizial laburra izan du ELA sindikatuak atzo bultzatutako premiazko kautelazko neurrien demanda Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegian. Izan ere, gaur bertan adierazi dute epaileek ez dutela onartuko eskaera Guardianen labearen itzaltzea eragozteko.

Langile erakundeak egitasmoa abiatu zuen argudiatuta epaitegiak multinazionalaren erabakia gelditu behar zuela, labearen itzalketak etorkizunik gabe utziko lukeelako azpiegitura.

ELAk oharra plazaratu du epaileen erabakia deitoratzeko, labearen itzalketak langileengan "eragin izugarria" izan dezakeela argudiatuta, eta biharko deitutako elkarretaratzera batzeko deia zabaldu du.

Lan Ikuskaritzaren esku

Hala ere, Lan Ikuskaritzak ere izango luke prozesua eteteko tartea, salaketa sartu baitute sindikatuek, itzalketak segurtasun neurriak beteko ez lituzkeela argudiatuta. Hori azaltzeko oharra plazaratu du LABek, nabarmenduta "eskura dituzten tresna guztiak" jarri dituztela martxan itxiera ekiditeko, "mobilizazioak, ekintza sindikala eta juridikoa".

Sindikatuaren aburuz, labea berehala itzalita ez lirateke segurtasun protokoloak ezta langileen oinarrizko eskubideak aintzat hartuko: "Alde batetik segurtasun irizpideak daude, ez baita segurua ez langile, ez instalazio ezta agian herri eta ingurumenaretzat ere, presaka eta korrika horrelako labe eta instalazio bat amatatzea, inolako aurreikuspen eta protokolo argirik gabe. Eta bigarrenik, langileen oinarrizko eskubideak errespetatzen ez direla uste du LABek, ez baitira negoziatzeko oinarrizko irizpideak eta eskudideak errespetatzen".

Lan Ikuskaritzak ezer egingo ez balu, mobilizazioek soilik oztopatu ahalko lukete labearen itzalketa. Bihar 07:00etan elkartu dira lantegiaren sarreran eta ostegunean hasiko da greba mugagabea.

 

Gogoratu beharra dago hasiera batean multinazionalak adierazi zuela otsailaren 3an ekingo ziola labea itzaltzeari

Horrek ekarriko du azpiegitura behin betiko funtzionamenduz kanpo uztea eta, hori ekiditeko, Guardian Llodioko enpresa batzordeak iragarri zuen grebara joko zutela.

Langileen ekimenaren berri izan bezain pronto, multinazionalaren zuzendaritzak aurre hartzeko saiakera egin zuen. Gauzak hala, enpresaren asmoa da bihar bertan hastea labea amatatzen

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide