Aretako herritarrek mobilizazioa deitu dute biharko Gasteiz kalean, han eraiki nahi duten gasolindegi merkea (low cost) eraikitzeko lanak gelditu ditzaten behin betiko. 18:30ean izango da hitzordua.
Antolatzaileek azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari urtebete daramatela gaia lantzen Auzo Kontseiluan, baina ez dutela erantzun zehatzik jasotzen.
Berez, Aretako herritarrek badakite Udala eta enpresa akordioa lortzen saiatzen ari direla kokapen horretan azpiegitura ez instalatzeko. Dena den, salatu dute langileek jarraitu dutela beharrean eta zuloak handitu dituztela. Hori dela eta, berriro mobilizatzeari ekin diote.
Duela urtebete abiatu zituzten elkarretaratzeak, gasolindegiak osasunean zein trafikoan eragin kaltegarriak izango dituela argudiatuta.
Bizilagunen alegazioak eta arrazoiak jasota, Laudioko Udalak Gasteiz kaleko obrak gelditu zituen eta gero hainbat bide landuko zituela azaldu zien aretarrei.