Lana utzi du Laudioko Udaleko segurtasun arduradunak, Bilboko Udaltzaingora itzultzeko

Txabi Alvarado Bañares 2025ko ots. 7a, 15:15

Buruzagirik gabe daude berriz Laudioko udaltzainak. / Laudioko Udala

Ainize Gastaka alkateak aitortu du "ezusteko erabakia" izan dela eta ekin diotela egoera bideratzeko aukera posibleak aztertzeari.

Segurtasun arduradunik gabe geratu da Laudioko Udala. Jon Agirrebengoak kargu hori uztea erabaki du bere Bilboko udaltzain lanpostura itzuli eta "bertan ireki diren promozio aukerak baliatzeko". 

Hala adierazi du tokiko erakundeak prentsara bidalitako oharrean. Bertan azaldu dutenez, Agirrebengoak eszedentzia hartu zuen Laudioko segurtasun arduradun kargua hartzeko, eta hiru hilabete eman ditu zeregin horretan, "Laudioko Udaltzaingoaren gidaritza eredua aztertzen". Denbora tarte horrek aukera eman dio "hasierako diagnostikoa" egiteari heltzeko, "giza baliabide zein azpiegituren aldetik Udaltzaingoan jorratu beharreko lan ildoak zehazte aldera". 

Deustuko Udaltzain-etxeko burua zen Jon Agirrebengoak, eta eszendentzia hartu zuen Laudiora joateko. Kargu hori utzita, Bilbora itzuliko da polizia arduraduna.

"Ezusteko erabakia"

Ainize Gastakak aitortu du erabakiak "ezustean" harrapatu duela udal gobernua, eta "atsekabez" egin beharko diotela aurre. Hala ere, alkateak uste du Agirrebengoak hiru hilabetetan eginiko lana "bikaina" dela eta balio izan duela "oso bide-orri baliagarria" zirriborratzeko Udalak aurrera begira dituen zereginei erantzuteko.

Gauzak hala, egoera bideratzeko aukerak aztertzeari ekin dio udal gobernuak. "Udaltzaingo talde egituratu eta egonkor bat osatzea da gure lehentasuna, beti ere Laudiorako gertuko polizia eredu bat oinarri duela”, azaldu du alkateak. 

Duela urtebete kargugabetu zuten ordura arte Laudioko Udaltzaingoko buruzagia izandako pertsona, “gertutasunezko polizia lortzera bidean” urratsak ematen hasteko. Orduko hartan, alkateak aldarrikatu zuen “konfiantza eta elkarlana” egon behar direla tokiko poliziaren agintearen muinean eta ordura arte ez zela halakorik egon. 

Baina arduradun berria topatzea ez zen erraza izan. Lehen deialdian aukeratutako bi hautagaiek uko egin zioten lanpostuari, "arrazoi pertsonalengatik edota lan baldintzengatik", Udalaren hitzetan. Azkenean, azaroan hartu zuen kargua Jon Agirrebengoa Barturenek, ordura arte Deustuko Udaltzain-etxeko buru zenak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide