Omniaren "ia proposamen guztiak" txertatu dituzte udal aurrekontuetan

Txabi Alvarado Bañares 2025eko martxoaren 4a

Gaur goizeko prentsaurrekoaren irudia. / Aiaraldea.eus

Udal gobernutik ateratzeko izan zituzten arrazoiak ere azaldu dituzte alderdi laudioarreko kideek.

Prentsaurrekoa egin du gaur Omniak, iragan astean EH Bildurekin sinatutako aurrekontu akordioaren nondik norakoak azaltzeko.

Alderdi laudioarrak nabarmendu du eurek eginiko "ia proposamen guztiak" jasoko dituztela aurtengo aurrekontuek, eta "puntu nagusi" hauek aipatu dituzte:

  • Udaletxearen alboan dagoen orubean zerbait eraiki daitekeen aztertzea, "inoiz betetzen ez den zuloa izan ez dadin".
  • Alberto Acero plazako egungo merkatua eraitsi ondoren bertan "lurpeko aparkaleku bat" eraiki daitekeen aztertzea.
  • Santa Krutz zubiaren egoera estrukturala aztertzea eta, emaitzaren arabera, premiazkoa izanez gero, horri ekiteko konpromisoa hartzea.
  • Jesus Guridiko proiektua 2026an gauzatzeko konpromisoa.
  • Laudioalde Eskolako aparkalekuko pilotalekuaren proiektua idaztea.
  • Herriko Plazako zoladuraren egoera aztertzea, haren ordezkapena planifikatzeko.
  • Udalerriko ikastetxe publikoentzako partida zehatz batzuk sortzea, "jada egiten diren mantentze-lanetatik haragoko lanak egin ditzaten".
  • Haurreskolara 30.000 euroko partida bideratzea.
  • Amiantoa kentzeko diru-partida handitzea.
  • 10.000 euro gehiago gordetzea Apill-entzat, eta beste 40.000 euroko partida bat bideratzea ekintzailetza programetara.
  • 150.000 euro inbertitzea Ellakuriko igerilekuetako ostalaritza-guneko irisgarritasuna eta azpiegiturak hobetzeko.
  • Ugarteko areto-futbol zelaia estaltzeko proiektua burutzea.
  • Skate parkeko gune berri bat ezartzea.
  • 100.000 euro bideratzea ibaitik gertu dauden eremuak (Virgen del Carmen kalea) birgaitzeko, bertako obrak amaitu ostean.

Udal gobernutik ateratzeko arrazoiak hizpide

Diru partida horiek aletzeaz gain, Omniak gaurko prentsaurrekoa baliatu du udal gobernutik ateratzeko izan zituen motibazioez hitz egiteko. Talde independenteko kideek azaldu dutenez, "gobernua gauzatzeko moduan" izan zuten desadostasun handiena EH Bildurekin. "Omniak beti defendatu du profesionaltasunean, erantzukizunean eta gastuari eustean oinarritutako kudeaketa; EHBilduk, berriz, ikuspegi ideologikoagoa eta tokiz gaindiko dinamikek baldintzatutakoa lehenetsi zuen", azaldu dute. Zehazki, Omniako kideek salatu dute EH Bilduren alkatetza euren erabakien gainetik igaro zela zenbait aldiz, eta horrek eragin zuela udal gobernuaren haustura.

Omniako kideek azaldu dute "zarata egin gabe" atera zirela gobernutik, "herriaren interesak lehenetsiz", eta bi akordio egin zituztela orduan EH bildurekin, HAPOaren garapenari lotutakoa bata eta parte hartze ereduari lotutakoa bestea. Hala ere, alderdi laudioarreko kideek uste dute akordioetako bat bera ere ez dela bete.

Alde batetik, "marketing saiakera" moduan definitu dute EH Bilduk bultzatutako parte hartze eredua. Horren aurrean, "parte hartze erreal, garden eta irekia" defendatu dute, "aurretiazko baldintzarik gabekoa". HAPOari dagokionez, Omniak galdutzat eman du legeladi hau, udal gobernuari leporatuta denborak gaizki kudeatzea. "Atzerapen horren ondorioa da jada ezinezkoa dela HAPOa legegintzaldi honetan onartzea, eta horrek, ziurrenik, bere onarpena airean utziko du, eta, askotan gertatu den bezala, hurrengo agintaldian hutsetik hasiko gara berriro", azaldu du opozisioko talde politikoak.

Horregatik guztiagatik, Omnia "jarrera irmo eta zorrotza" izan du aurtengo aurrekontuak negoziatzerako orduan. Gauzak hala, "pozik" azaldu dira taldeko kideak, aukera izan dutelako herritarrek eman dieten botereari "balioa" eman eta "Laudioko bizilagunei mesede egiten dieten partidak negoziatzeko".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide