"Aiala Vidriok bere inbertsio gaitasuna presio eta xantaia tresna gisa erabili nahi du, bere baldintzak onartzera behartzeko". Horrela definitu du LABek lan hitzarmen berria negoziatzeko prozesuaren hasiera langileen eta enpresaren artean.
Izan ere, sindikatuak aipatu duenez, konpainiak baldintzatu ditu etorkizuneko inbertsioak berak ezarritako baldintzen onarpenari. Hau da, beharginek ez badituzte ontzat ematen, iradoki du ez duela inbertsiorik egingo.
LABek horrela definitu du zuzendaritzaren jarrera: "Aurrez itxitako eta baldintzatutako puntu batzuk aurkeztu ditu (horien artean, 8 urtetarako hitzarmena, lanaldiaren igoera...), non ez den aurreikusten alde sozialak bere ordezkaritza funtzioa betetzeko ezta langileen lan eskubideak defendatzeko aukerarik".
LABen ustez, abiapuntu horrek guztiz urratzen du negoziazio kolektiboaren zentzua eta langileei deia zabaldu die "tinko, bateratuta eta antolatuta mantentzera. Azken aldian erakutsi dute euren burua defendatzeko gaitasuna dutela, eta oso garrantzitsua da zuzendaritzaren jarrera agerian uztea".
Berez, martxoan bertan greba mugagabea egin zuten langileek kaleratzeak gelditzeko eta arrakastatsua izan zen mobilizazioa.
Alde Baterako Enplegu Erregulazio Espedientearen luzapena
Horrez gain, langileen antolakundearen iritziz, Aiala Vidriok Alde Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea luzatuko du beharginak sakatzeko. LABen aburuz, ezin da ulertu enpresak arrazoi ekonomikoak argudiatzea espediente horretan, azken urteetan sekulako irabaziak aitortu ondoren.
Bide batez, sindikatuak gogoratu du enpresak iaz hainbat neurri ezarri zituela inoiz berreskuratuko ez den enplegua suntsitzeko.