Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari eta politika industrialari buruz galdetu dio Aiaraldea Komunikabideak Ainize Gastaka Laudioko alkateari Azalera podcastean. Hain zuzen, hedabideak gogoratu dio Udaleko oposizioak kritikatu duela HAPOko aurrerakina ez dagoela adostuta alderdi guztien artean eta Ramiro Gonzalezek ere birpentsatzea eskatu diola.
EAJ, PSE-EE eta Omniari dagokionez, Gastakak azaldu du, bere ustez, parte hartzea ulertzeko ezberdintasunak daudela taldeen artean: "Guk aitortzen dugu ez dagoela adostasunik alderdi politikoen artean HAPOren aurrerakinean, baina herritarrei hausnartu eta ekarpenak egiteko aukera eman nahi diegu. Legeak horretarako aurreikusitako fasean gaude. Hortik aurrera helduko da adostasuna lortzeko garaia".
Alkatearen aburuz, herritarrei ez zaie dokumentu itxi bat eman behar, erabakitzeko eta eragiteko tartea eskaini behar zaie. Bere iritziz, akordioak lortzeko unea helduko da behin herritarrek ekarpenak egin eta gero, eta ez talde politikoek aldez aurretik dena adostu ondoren.
"Guk aitortzen dugu ez dagoela adostasunik alderdi politikoen artean HAPOren aurrerakinean, baina herritarrei hausnartu eta ekarpenak egiteko aukera eman nahi diegu"
Edonola ere, Gastakak defendatu du dokumentu arautzaile horren eztabaida eman behar dela, baina ez modu alderdikoian: "1995tik HAPO bat dugu indarrean, ordenamendua baldintzatzen du eta estrategikoa da berritzea, onuragarria izango delako herriarentzat. Horretarako alderdiok adostasuna lortu behar dugu, baina dokumentua eztabaida politikotik atera, mahaian eseri eta akordioak erdietsi behar ditugu. Zuhurtziaz ulertu behar dugu zein den gure tokia eta gure ardura".
Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiari mezua
Horrez gain, Aiaraldea Komunikabideak gogora ekarri dio alkateari Arabako Ahaldun Nagusiak ere eskatu ziola birpentsatzea HAPOren aurrerakina, zoru industrial kopurua murriztea aurreikusten duelako. Udalburuak ideia bera nabarmendu du, berriro ere: "Aurrerakina zirriborro bat da, lan euskarria zalantzak argitzeko eta ekarpenak egiteko, eta hori Ramiro Gonzalezek badaki. EH Bilduk ez du birpentsatu behar, baizik eta zirriborroaren gainean lan egin".
Halaber, Gastaka kritikoa izan da Gonzalezek komunikatzeko hartu zuen bidearekin: "Laudio Arabako udalerririk handiena da, Gasteizen ondoren. Arabako Foru Aldundiak kezkaren bat badu, Udalarekin jarri beharko litzateke harremanetan".
Komunikazio falta bera egotzi zion alkateak Gonzalezi Laudion ezarri nahi duten ikus-entzunezko Hub-ari dagokionez: "Laudioko Udalak esan behar du, pena handiz, Arabako Foru Aldundiak ez duela ikus-entzunezko Huba berarekin garatu".
Guardian enpresako lursailekin zalantzak
Azkenik, Aiaraldea Komunikabideak galdetu dio Laudioko alkateari ea bat egiten duen Ramiro Gonzalezek Guardian enpresari buruz egindako adierazpen baikorrekin.
Horri erantzunez, Laudioko gobernuburua berriro kritiko agertu da Arabako Foru Aldundiko buruarekin: "Guardian itxiko zela iragarri zutenetik, Laudioko udal gobernu taldea harremanetan egon da Industria Sailarekin eta proiektu berrien bultzatzaileekin. Harremana eta jakintza badugu, baina herri honek badu ere esperientzia eta bere motxila. Glavistaren kasua gogoratzen dugu. Akordioa apurtzen edo erortzen utzi zen eta espero genuena ez zen gertatu. Laudiok oso ondo ezagutzen du Guardian. Beraz, bakoitzak baloratzen du nola egin adierazpenak. Nire ustez, Ahaldun Nagusiaren baieztapenak ausartegiak izan dira. Niretzat zuhurtzia izan behar da diskurtsoaren tonoa".