Aiala Vidrioko gehiengo sindikalak, ELAk eta CCOOk osatutakoa, sei urterako lan hitzarmena sinatu du. Urratsa langile gehienen babesarekin egin dute, baina, hala ere, LAB sindikatuak ez du bat egin akordioarekin eta horrela jakinarazi du zabaldutako oharrean. "Hitzarmen berriak ez du langileek izandako galera ekonomikoen benetako berreskuratzerik jasotzen, ezta lan-baldintzetan hobekuntza esanguratsurik ere", ondorioztatu du erakundeak..
LABen ustez, hitzarmenak ez ditu funtsezko gaiak jorratzen: "hala nola lanaldia murriztea, gizarte-baldintzak hobetzea edo enpleguaren benetako bermea. Aukera galdu da langileen benetako beharrei erantzuten dien akordioa eraikitzeko eta egungo erronkei ausardiaz aurre egiteko".
LAB sindikatuaren iritziz, zuzendaritzak presioa erabili du hobekuntzarik gabeko lan hitzarmena ezartzeko.
Izan ere, LABen iritziz, Aiala Vidrioren etekin handiak aski ezagunak egin dira eta ez dauka zentzurik langileek hobekuntzarik ez jasotzea, euren ahaleginaren fruitua izan baita arrakasta hori.
Halaber, sindikatuak aipatu du zein izan den portaera enpresaren aldetik azken urteetan: "Aldi Baterako Enplegu-Erregulazio Espedienteak inolako alternatibarik gabe aplikatu dira, kaleratze traumatikoen mehatxua egon da, lanpostuak kanporatu eta 70 lanpostu baino gehiago galdu dira, berreskuratzeko inolako borondaterik gabe".
Xantaia
Gauzak horrela, LABek salatu du, aspaldi egin bezala, lan hitzarmenaren negoziazioa zuzendaritzaren presioak baldintzatu duela erabat: "Enpresak marko zurruna inposatu du, inbertsioak presio-tresna gisa erabiliz eta funtsezko proposamenak eztabaidatzeari uko eginez, negoziazio kolektiboa bera urratuz. Horrela, sei urterako akordioa ixtea lortu du enpresak, enpresa-batzordearen jarduteko gaitasuna murriztuz eta aurrera egiteko aukerak ezerezean utziz".