Laudio Antzokiaren obra %37 garestitu ondoren, Omniak hausnarketa egitea eskatu du

Aitor Aspuru Saez 2025eko urriaren 31

Laudio Antzokiko obrak. / Laudioko Udala

Talde independenteak argitu du ez duela proiektuaren kontra egingo, baina adierazi du, bere ustez, ez dagoela justifikatuta inbertsioa garestitu izana.

Astelehenean egindako udalbatzako erregu eta galderen txanda baliatu zuen Omniak bere iritzia plazaratzeko Laudio Antzokiari buruz. Izan ere, berriki "proiektuaren 40 partida aldatu behar izan ditu Udalak" eta talde independentearen zinegotziak, Nerea Gonzalezek, aipatu zuen ez daudela ados horrekin.

Gonzalezek erantsi zuen ez dutela egitasmoaren aurka egingo, horrelako azpiegitura beharrezkoa delako herrian, baina ohartarazi zuen aurrekontua %50ean garestitzea ez dagoela justifikatuta.

Izan ere, kultura azpiegituraren gastua %37an handitu da jadanik eta orain gremioek barruko partea egin beharko dutela, Omniaren beldurra da aurrekontua %50eko langa gainditu arte haztea.

Oposizioko zinegotziaren iritziz, "ez dago justifikatuta obra hau %50 handitzea, ez baitira aparteko baldintzak gertatu, funtsezko elementuetan izan dira aldaketak".

Iaz ere %17 handitu behar izan zuten diru-partida. 6.842.599,34 euroko hasierako kopurutik, 8.011.938,61 eurora igaro zen aurrekontua.

Iaz ere garestitzea

Ez da proiektua antzeko egoeran dagoen lehen aldia. Izan ere, iaz ere %17 handitu behar izan zuten diru-partida. 6.842.599,34 euroko hasierako kopurutik, 8.011.938,61 eurora igaro zen aurrekontua.

Horren arrazoia izan zen aurreikusi gabeko hondakinak agertu zirela eta enpresak gaika kudeatu behar izan zituela. Horrez gain, orubearen hasierako azterketa geoteknikoan ezusteko baldintzak detektatu zituzten eta beharrezkoa izan zen esku-hartzea, egitura mikropilote bidez egonkortzeko.

Altuna y Uria enpresa

Lanak egikaritzen ari den enpresa Altuna y Uria da. Anbulatoriokoak eta Abasto plazakoak ere bere gain hartu ditu konpainia gipuzkoarrak.

Berez, esleipena gorabeheratsua izan zen bere esku geratu arte. 2022an egin zuten lehen esleipenean ez zen enpresarik aurkeztu. 5.180.863,11 eurokoa izan zen orduko eskaintza ekonomikoa. Urte berean, Altuna y Uria konpainiak adostu zuen tokiko erakundearekin proiektua gauzatzea. Hori bai, bigarren esleipenean milioi bat euro gehiago eskaini behar izan zuen tokiko erakundeak. 

Altuna y Uria enpresa oso ezaguna da Euskal Herrian. Alde batetik, 1975etik obra publikoetan oso modu aktiboan lan egiten du; Leitzarango Autobidea, Eibar-Gasteiz AP-1 autopista, Kursaal eraikina, Zubietako Erraustegia...

Hain zuzen, proiektu handi horietako batean parte hartzeagatik agertu zen enpresaren izena hedabide guztietan, 2008ko abenduaren 3an ETAk Inaxio Uria (konpainiako sortzailearen semea eta enpresaburua) hil baitzuen, Abiadura Handiko Trenaren aurkako kanpainaren barruan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide