Laudio Antzokiko lanak %17an handitu zituen ostiralean Udalak. 1.169.339,27 euroko igoera horrek eragingo du 6.842.599,34 euroko hasierako kopuruan eta, hortaz, 8.011.938,61 eurora helduko da aurrekontua.
Aldaketa horren arrazoia bikoitza izan da. Alde batetik, aurreikusi gabeko hondakinak agertu dira eta enpresak gaika kudeatu behar izan ditu. Horrez gain, orubearen hasierako azterketa geoteknikoan ezusteko baldintzak detektatu dituzte eta beharrezkoa izan da esku-hartzea, egitura mikropilote bidez egonkortzeko.
Esleipen gorabeheratsua
Agertu berri diren ezusteak eta aurrekontu igoera ez dira Laudioko Antzokia eraikitzeko prozesu luzean gertatutako bakarrak. Izan ere, 2022an egin zuten lehen esleipenean ez zen enpresarik aurkeztu. 5.180.863,11 eurokoa izan zen orduko eskaintza ekonomikoa. Urte berean, Altuna y Uria konpainiak (gerora Abasto Plazako berritzea ere bere gain hartu zuen enpresa berak) adostu zuen tokiko erakundearekin proiektua egikaritzea. Hori bai, bigarren esleipenean eskaintza ekonomikoan milioi bat euro gehiago eskaini behar izan zuen tokiko erakundeak.
336.501 euro baliatuko dira guztira proiektuaren idazketan eta obra-zuzendaritzan eta 6.506.098,34 euro exekuzioan.
Edonola ere, hori ez da izan Laudio Antzokiak izandako atzerapen bakarra. 2018an Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak helegitea jarri zuen proiektuaren lehiaketan eta 2019an beste helegite bat egon zen exekuzio proiektuaren kasuan.
Finantzazioa
Laudioko Udalak gastuaren zati handiena ordainduko badu ere, Arabako Foru Aldundiak 2 milioi euro jarriko ditu, Aiaraldea ekonomikoki suspertzeko inbertsio planaren bidez. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, 500.000 euroko ekarpena egingo du. Era berean, iaz EH Bilduk jakinarazi zuen akordioa lortu zuela Madrilgo Kongresuan 2 milioi euroko dirulaguntza erakartzeko.
Ainize Gastaka alkateak alde positiboa azpimarratu nahi izan du: "Proiektuaren lehen fasean aurreikusi ezin genituen inguruabar horiek lanen garestitzea ekarri duten berberak dira. Nolanahi ere, Laudiok laster izango du eraikin kultural bat, balio anitzekoa, bizilagunei zerbitzua emateko. Izan ere, hori izango da gure hurrengo erronka, instalazioa herriko sortzaileentzat beharrezkoak diren baliabideez hornitzea".
500 pertsona inguruk erabili ahal izango dute
Eraikinak, arkitektura xume eta bereziarekin, hiru solairu izango ditu, 1.800 metro karratu inguruko azalera erabilgarria eta 500 pertsona ingururentzako edukiera. Eszena- aretoak 442 eserleku izango ditu eta beste 10 edo 15 aniztasun funtzionala duten pertsonentzat gordeko dira. Era berean, azpiegiturak sarbide independenteko taberna-kafetegia izango du, antzokia itxita dagoenen ere irekita egon ahalko dena.