Egitasmo berria du esku artean Maria Francisca Mas Rierak otsaila eta martxoa bitartean garatzeko. Laudion finkatutako ikertzaile feministak eskalada eta generoa izan ditu aztergai azken urteetan, eta esparru horretan sakondu nahi du orain ere, kirola “begirada intersekzional batetik” ikertzeko.
Eskaladak “eraldaketarako tresna gisa” duen gaitasuna ikertu nahi du Mas Rierak, eta zortzi pertsonako talde bat osatu nahi du horretarako, “emakume eta identitate disidenteekin”.
Zehaztu duenez, gizon cis-ak ez diren 18 urtetik gorako pertsonak batu daitezke taldera. Bost saio egingo dituzte orotara, eta garraio gastuak ordainduko dizkiete parte hartzaileei. Interesdunak sare sozialen bidez jar daitezke harremanetan Mas Rierarekin.
Honakoa ez da ikertzaile mallorcarrak Laudioko Gardea auzoko gune autogestionatuan egingo duen lehen ekimena, Deporte desde los márgenes jardunaldiak antolatu baititu hainbat urtez.