Udaltzaingoko Ofizial Buruaren lanpostua izendapen askez betetzeko hautaketa-prozesua abiatu du Laudioko Udalak.
Gorabehera ugari izan ditu lanpostu horrek azken bi urteetan. 2024ko otsailean kendu zuten kargutik orduko buruzagia, "gertutasunezko polizia lortzera bidean" urratsak ematen hasteko.
Arduradun berria hautatzeari ekin zioten orduan, baina hainbat hilabetez luzatu zen prozesua, bi hautagaiek uko egin ziotelako.
Azkenean, urte hartako azaroan hartu zuen kargua Jon Agirrebengoa Barturenek, ordura arte Deustuko Udaltzain-etxeko buru zenak, baina hiru hilabete eskas iraun zituen postuan, dimisioa aurkeztu baitzuen iazko otsailean bere aurreko kargura itzultzeko.
Gauzak hala, urtebete baino gehiago luzatu den gabezia hori betetzera dator orain abiatu duten hautaketa prozesu berria.
Tokiko erakundeak zehaztu duenez, honako hauek dira arduradunak bete beharko dituen funtzioak:
- Udaltzaingoaren berezko gaiei buruzko aholkularitza ematea alkateari eta gobernu-taldeari.
- Bere ardurapeko agenteen jarduera planifikatzea.
- Zerbitzua antolatu zein gainbegiratzea.
- Udalerri barruko eta udalez kanpoko koordinazioa egin.
- Polizien prestakuntza egokia eta eguneratua ziurtatzea.
- Udal-espedienteak izapidetzea.
- Eskakizun judizialak betetzea.
- Herritarrei arreta eman eta kontsultak ebaztea.
Apirilaren 27ra arte
Apirilaren 27ra arte dago prozesuan izena emateko aukera. Interesdunek Udalaren webgunean edo Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan tramitatu dezakete eskaera.