Ia lau hilabete igaro dira Guardian berrirekitzeko akordio bat mahai gainean zegoela iragarri zenetik. Vocento taldeak plazaratu zuen informazioa lehenbizi. Ondoren, Industria Sailburuak gaiari buruzko adierazpenak egin zituen, balizko akordioak 400 lanposturen sorrera ekarriko lukeela iragarriz.
Baina akordioa ez da itxi oraindik, ixtear dagoen arren. Hala azaldu du Ramiro Gonzalezek Gasteiz Irratian eskainitako elkarrizketa batean. Ahaldun Nagusiak azaldu duenez, gauza batzuk lotzeke daude oraindik, "proiektu oso konplexuak" daudelako atzetik. Bere hitzetan, albistea atera zenean akordioa "oso aurreratua eta ixtear" zegoen, baina publiko egitea ez zen mesedegarria izan.
Horrez gain, Aiaraldeko Garapen Industrialerako Mahaiaren inguruan ere mintzatu da Gonzalez elkarrizketan, eta pozik azaldu da marko horrek ateratako ondorioekin, bileretan parte hartu duten agenteen arteko "gutxieneko komuna" lortu delako.