Pozik daude Aiaraldeko Garapen Industrialerako Mahaian parte hartu duten alderdi eta sindikatu gehienak

Txabi Alvarado Bañares 2026ko uztailaren 23a

Asteleheneko agerraldian eginiko talde argazkia. / Arabako Foru Aldundia

EAJ, EH Bildu, CCOO eta UGT egin dituzte orain arte gaiari lotutako irakurketak. Elkarrekin Podemos IUk astelehenean adierazi zuen ez dagoelako txostenarekin ados. 

Astelehenean aurkeztu zituzten Aiaraldeko Garapen Industrialerako Mahaiaren ondorioak, Lamuza parkean eskainitako agerraldian. Ordutik hona marko horretan parte hartu duten hainbat eragilek plazaratu dute irakurketa propioa. 

Elkarrekin Podemos IU izan da kritikoena. Ezkerreko koalizioak asteleheneko agerraldia baino ordubete lehenago jakinarazi zuen ez zuela dokumentua sinatuko, eskualdeko langile-klasea behar bezala aitortzen ez zuela argudiatuta. 

EH Bilduk ere zenbait kritika plazaratu ditu, baina “pozik” azaldu da, “organo horretara eraman dituen 80 proposamenetako batzuk islatuta ikusten dituelako”. Horien artean daude Aiaraldeko Eskola Mapa eguneratzearen ideia, udalaz gaindiko industrialde bat sortzea lurzoru industriala koordinatzeko edota “kontsumo-lekutik gertu energia berriztagarria sortzeko beharra” islatzea. 

EH Bilduk ere zenbait kritika plazaratu ditu, baina “pozik” azaldu da, “organo horretara eraman dituen 80 proposamenetako batzuk islatuta ikusten dituelako”.

Hala ere, EH Bilduko kideek hainbat gauzak bota dituzte faltan mahaiaren ondorioetan, hala nola “enpresen aldetik lan baldintza duinak bermatzearen garrantzia ez nabarmentzea edo Aiaraldeak bizi-kalitate duina bermatzeko dituen zerbitzuetan inbertitzea”. Azken puntu horri lotuta, C3 aldirietako linea hobetzeko premia jarri dute mahai gainean.

Horrez gain, “etsigarritzat” jo dute kontuan hartu ez izana “Aiaraldeak duen talentu kolektibo handia”. Nabarmendu dutenez, eskualdeko produktibitate-datuetan islatzen da hori, “Euskal Autonomia Erkidegoko altuena baita”. 

Horrez gain, gogorarazi dute dinamizazioa proposatu zutela "enpresa handiek egiten dituzten ikerketak txikietara halarazi ahal izateko". Gainera, azken testuan faltan bota dute baita "eskualdeko industrialdeen hobekuntzan inbertitzeko egindako proposamena", eta baita "hondar-beroa berreskuratzea" eta "etxebizitzen berokuntza-sistemetara zabaltzea" ere.

Bukatzeko, koordinazio handiagoaren beharra jarri dute mahai gainean, ponentzia sozioekonomikoa egitea proposatu zutenetik sei urte igaro direla argudiatuta. Horrez gain, azken hilabeteetan eginiko kritikei ere eutsi die, mahaia "herren" jaio zela esanez, "ez zituelako erakunde eta eragile eskudun guztiak batzen".

Kritikak kritika, Foru Aldundiak sustatutako markoan “parte hartzen jarraitzeko konpromisoa” hartu du EH Bilduk, “mahai hori Aiaraldeko biztanleen errealitatera hurbiltzeko”.

"Uste dut euskal erakundeen laguntza egongo dela eta egon badagoela", adierazi du Jone Berriozabal ordezkari jeltzaleak.

EAJren iritzia

EAJk ez du irakurketarik plazaratu, baina gaiari buruzko adierazpen ugari partekatu zituen asteartean Jone Berriozabalek Euskadi Irratian. "Uste dut euskal erakundeen laguntza egongo dela eta egon badagoela", azaldu zuen Araba Buru Batzarreko presidenteak, eta Maderas de Llodioko akordioan Aldundiak zein Jaurlaritzak izandako papera jarri zuen horren adibide moduan. Laguntza egoten jarraituko duela ziurtatu zuen jeltzaleen ordezkariak eta nabarmendu zuen hori izan dela mahaiaren egitekoa: “Guztion artean identifikatzea zertan lan egin behar dugun. Ez soilik erakunde publikotik, baita arlo pribatutik ere”. 

CCOO eta UGT

Mahaian parte hartu duten bi sindikatuek ere irakurketa bana plazaratu dute, antzeko iritziak plazaratuta. CCOOk begi onez ikusi ditu ateratako ondorioak, baina nabarmendu du txostenaren aurkezpena ez dela "eztabaidaren amaiera" izan behar, "Aiaraldeko industriaren egoeraren hobekuntza prozesu baten hasiera baizik". Hala ere, sindikatuak nabarmendu du bere babesa ez dela "txeke zuri bat" eta, ondorioz, ez duela esan nahi etorkizunean har daitezkeen neurri guztiak babestuko dituenik. Horri lotuta, langile erakundeak azaldu du "eskualdearen eraldaketa justua" babesten duten neurrien alde azalduko dela.

CCOO eta UGTk lan egiten jarraitzeko beharra jarri dute mahai gainean. 

Antzeko iritzia plazaratu du UGTk ere, argudiatuta ez dagoela dokumentuaren "%100arekin ados", baina "oinarri sendo" bat dela lan egiteko. Gauzak hala, proposamenak egin, "hobekuntzak sustatu eta modu jarraituan lan egiteko" prest azaldu da, akordioa "ekintza konkretuetan" bihurtu dadin, "Aiaraldeko langileen mesedetan".

ELA eta LABek ez dute mahaian parte hartu, eta hasieratik adierazi dute marko horrekiko gaurkotasuna. SOS Aiaraldea plataformak, bere aldetik, ekaina amaieran egin zuen agerraldia bere balorazioa osatzeko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide