Udalak azaldu duenez, bideratuta daude Altzarrateko futbol zelaian udan zehar detektatutako arazo nagusiak. Izen bera duen eta zelaia baliatzen duen kirol elkarteak uztailean salatu zuen belar artifiziala ureztatzeko sistema hondatuta zegoela, eta horrek arriskuan jartzen zuela denboraldi berria.
Ikasturte hasieran konpondu zen gorabehera hori, Ainize Gastakak Azalera podcastean azaldutakoaren arabera. Alkatearen hitzetan, pieza bat falta zen, eta horregatik berandutu da konponketa.
Legionellaren prebentzioa
Arazo horrek denbora kointziditu du aldagelen itxierarekin, legionella dela eta. Irailaren 23an berrireki zituzten, baina antzeko beste azpiegitura batzuk (Gardeako dutxak kasu) itxita jarraitzen dute.
Dena den, Gastakak nabarmendu du azpiegiturak ez direla itxi legionella agertu delako edo pertsonak gaixotu direlako. Bere hitzetan, Udalak “modu egonkorrean” egiten du legionellaren aurkako kontrola udal azpiegituretan. “Legeak behartzen gaitu kontrola egitera, ez ixtera. baina prebentzioagatik ixtea erabaki dugu. Ez da neurri atsegina, baina uste dugu osasunarekiko arduraz jokatzea dela”, azaldu du gobernuburuak.
Alkateak aitortu du ez dela lan erraza legionella guztiz prebenitzea, erabilera ezak eragiten duelako bakterio hori agertzeko arriskua. “Bitxia da, kasu batzuetan azpiegituren erabilera bera da legionella ekiditeko baliabiderik eraginkorrena”.