Unai Larrinaga Eguia Laudioko erdigunean zegoen iragan azaroaren 6an bere etxebizitza blokearen azpiko lonjetan sua piztu zenean. “Ke usaina iritsi zen Herriko plazara, eta hiru dei nituela ikusi nuenean korrika igo nintzen auzora”. Parez pare egin zuen topo egoerarekin: bi suhiltzaile kamioi zeuden Latiorroko Arantzar kaleko lonjatik ateratzen ziren garrak itzaltzen, Ertzaintzak gazte bat zuen atxikituta handik metro batzuetara eta dozenaka bizilagun zeuden inguruan begira.
Suhiltzaileek nahiko azkar lortu zuten egoera kontrolatzea. Hala ere, ez zen txantxa izan. Pisu bloke osoa desalojatu behar izan zuten (32 etxe guztira) eta suak kalte handia eragin zuen elektrizitate-sisteman zein ur-hoditerian. “Kableatua goitik behera aldatu behar izan dugu blokeko A eta B aldeetan, eta baita hoditeriaren zati bat ere. Ez zen ez ur eta argirik egon larunbat osoan zehar”, azaldu du Larrinagak. Bere gain geratu dira kudeaketa lanetako asko, komunitateko presidentea baita. Lehen unetik egon da Udalarekin edota Ertzaintzarekin harremanetan. “Orain aseguruekin gabiltza gora eta behera, urte osorako lana dago hemen”, kontatu du.

Buru osasuna kale egoeran
Baina sutearen ondorioak kalte fisikoetatik harago joan dira. Erretako lonjak urte luzez egon dira hutsik, harik eta duela bi urte inguru kale egoeran zeuden gazte migratu batzuk sartu ziren arte. Jende ugari igaro da ordutik hona bertatik, baina azken hilabeteetan hiru pertsona egon dira barruan bizitzen, horietako bi lonjetako batean eta bakarra bestean. Azken hori izan zen sutearen egunean poliziak atxikitu eta ondoren espetxeratu zuena. Beste biak, aldiz, kanpoan zeuden, eta beste toki batzuetara joan dira bizitzera.
“Etorri zenean gazte normal bat zen, baina okerrera jo zuen denborak aurrera egin ahala. Lonja horretan nik ez nuke ordu bat ere ez aguantatuko”
Larrinagak ez du harreman askorik izan gazte horiekin bi urte hauetan. “Behin zaborra botatzera jaitsi nintzen eta atxilotutako gaztea etorri zen nigana, poltsa ez botatzeko eskatzen. Barruan zegoena arakatzeari ekin zion”, oroitu du, “arima lurrera erortzen zaizu halakoetan, pertsona hori edozein dela ere”.
Gazte hori bazen ezaguna auzoan, Larrinagak azaldu duenez. “Problematikoa zela esaten zen, autoak begiratzen zituela…”. Hori bai, nabarmendu nahi izan du beste biekin ez dela arazorik egon, eta iskanbilak, zeudenean, euren artekoak zirela, ez bizilagunekin.
Antzeko ikuspegia plazaratu du anonimotasuna mantendu nahi izan duen beste herritar batek. Berak bai, harreman zuzena izan du espetxeratutako gazte migratuarekin, eta azaldu du buru osasun arazoak garatu dituela bertan bizi izan den denboran. “Etorri zenean gazte normal bat zen, baina okerrera jo zuen denborak aurrera egin ahala. Lonja horretan nik ez nuke ordu bat ere ez aguantatuko, bera bizi zen zatian ez zegoen ez argi ez urik. Droga kontsumitzen hasi zen, eta azken urte erdian okerrera egin zuen zeharo, arriskutsua bilakatu zen”.

Sutearen egunean ere egon zen berarekin: “Zerbait gertatzen zitzaion. Malkoak zituen begietan. Sutearen ostean, aldiz, hil nahi zuela esaten zuen, kartzelara joan nahi zuela. Erabat joanda zegoen, uste dut ez zela kontziente”. Auzokide horrek argi du, espetxeratu baino, “osasun zentro batean sartu” beharko luketela. “Orain oso oso egoera latzean dago”.
Aiaraldea Komunikabidea eskualdeko zenbait osasun langilerekin jarri da harremanetan kale egoeran dauden pertsonek buru osasunera begira dituzten baliabideen inguruan galdetzeko. Azaldu dutenez, ofizialki hiru hilabeteko egonaldia probatu behar dute (gehienetan errolda bidez) medikua aukeratu eta bide normaletik buru osasuneko zerbitzuetara jotzeko. Bestela, ospitaleetako larrialdi zerbitzuak dira geratzen zaien aukera bakarra. Hala ere, zalantzan jarri dute arazo horiek kontsulta batetik bideratu ahal izatea "bizitzeko baliabiderik ez daudenean" edo gizartean "gabezi estrukturalak" egonda.
Elkarbizitza eta arrazakeria
Latiorroko sutearen irudiak bolo-bolo zabaldu ziren sare sozialen bidez, eskualdeko zein Euskal Herriko mugak gainditu eta Espainiako eskuin-muturreko hainbat agenteren eskuetara iritsiz. Besteak beste, Vito Quilesen orbitakoak diren RescueYou edota WallStreetWolverine influencer-ek zabaldu zuen gertakariaren bideoa.
Bizilagunen artean ere eztabaida sortu du gertatutakoak. Larrinagak ulertzen du jendea haserre egotea, bera ere haserretu zelako sutearen egunean. Azaldu duenez, beste bi gazteak gau horretan bertan saiatu ziren lonjan berriz sartzen. “Gaueko hamabiak aldera topatu nituen. Esan nien sentitzen nuela, baina gertatu zenaren ostean ezin niela berriz sartzen utzi. Eztabaidatu gabe alde egin zuten. Lasai egon izan balira jende bati ez litzaioke axolako eurak bertan bizitzen egoteak, baina suteak eragin izan du kontrako noranzkoan”.

Hala ere, jarrera batzuk tokiz kanpo daudela ere uste du bizilagunak. “Komentario asko entzun genituen suaren gauean bertan: barruan erre behar zirela, migranteak gustuko baditugu gure etxera eraman behar ditugula, Gobernua aldatu behar dela…”. Komunitateko presidenteak ez zien iruzkin horiei unean bertan erantzun, baina biharamunean bai, anekdota batek horretara bultzatu zuelako: “Iturgin bila nengoen izorratutako hoditeria konpontzeko. Hiru deitu nituen baina ezin ziren etorri, eta deitu genuen laugarrena magrebtarra zen. Orduan, komentarioak egiten egon zen bizilagunetako bati esan nion agian isilik egon behar zuena bera zela, atzerritar bat kontratatu behar izan genuelako egoera bideratzeko”.
Erakundeei interpelazioa
Larrinagari sutearen biharamunean gertatutako anekdota hori nahiko sinbolikoa da, lotuta baitago, hein batean, bere ustez erakunde publikoek kale egoeran dauden pertsonei eman beharko lieketen alternatibarekin. “Gehiago lagundu beharko litzaieke lan egiteko tituluak lortzeko. Entzun dudanagatik, lonjan bizi zen gazteetako batek lana topatu zuen Bilbon, eta bertara joatekoa zen", argudiatu du. Bizitoki alternatiba bat eman beharko litzaiekeela ere defendatu du: “Elkarrizketa honetara etorri baino lehen nire ama jarri zait kontatzera bere garaian ere pertsona migranteei aterpea ematen zitzaiela etxeetako lastategietan. Orduan ere pertsona ezezagunak ziren, baina zuriak. Hori da ezberdintasuna”.
Antzeko iritzia plazaratu du elkarrizketatutako beste auzokideak ere: “Hona bere bizitza hobetzera etorri den jendea ez da etorri lapurretetan aritzeko asmoarekin. Laguntza jaso beharko lukete: lana bilatzeko, laguntza psikologikoa… esango nuke gaur egun ez dutela halakorik jasotzen, edo ez behar beste. Etxe edo lonja bat okupatzea ezin da soluzioa izan. Zentroren batera joan beharko lirateke… ez da erraza”.
“Komentario asko entzun genituen suaren gauean bertan: barruan erre behar zirela, migranteak gustuko baditugu gure etxera eraman behar ditugula, Gobernua aldatu behar dela…”
Dena den, bizilagun horrek argi du zein izan beharko litzatekeen lehentasuna: paperak ematea egoera irregularrean dauden pertsona migratu guztiei. Izan ere, paperak izan ezean ezin dute lan egin, eta “bukle” batean harrapatzen ditu horrek.
“Lapurrak direnak hemen bilakatu dira lapur. Hona etortzeko burua izan behar da: mapa bat marraztu, kamioi baten azpian edo ontzi batean sartu… Jende azkarra da datorrena, sistema da gaizki dagoena. Jendea behar da lan egiteko. Eman paperak, eta lan egin nahi ez badute orduan bai, itzuli daitezela euren herrialdera. Horrela animatzen dituzu eta ez dira hondoratzen”. Hala ere, ñabardura garrantzitsu bat egin du: lana bai, baina ez edozein preziotan. “Estatu honetan jende migratu asko dugu imajinatu ezin ditzakegun baldintzetan lan egiten”.

Baina elkarrizketatutako bi bizilagunek aipatutako balizko soluzio horiek nahiko urrun daude egungo errealitatetik. Laudion 15 pertsona kontatu ziren kale egoeran bizitzen 2024an eginiko zenbaketan, bi urte lehenago bat bera ere ez identifikatu zen bitartean . Bi urte lehenago eginiko azterketan, Espainiako Estatistika Institutuak ondorioztatu zuen kale egoeran bizi ziren pertsonen %59,6ak zituela sintoma depresiboak, %37,3ak gaixotasun kronikoren bat, eta %9,4ak buru nahasmenduren bat. Gainera, EAEko kaleetan identifikatutako pertsonen %10,9ak pairatu ditu erasoak, eta %16ak lapurretak.
Kale egoeran bizi ziren pertsonen %59,6ak ditu sintoma depresiboak, %37,3ak gaixotasun kronikoren bat, eta %9,4ak buru nahasmenduren bat, Espainiako Estatistika Institutuaren arabera.
Eta handituz doa arazoa. Eskualdean nabarmen egin du gora kale egoeran bizi den jendearen kopuruak azken bi urteetan. Ondo Etorri elkarteak, adibidez, 40-50 pertsona artean artatzen ditu astero Laudion.
Baina erakunde publikoen erantzuna ez da tamainakoa izaten ari. Bilboko Gizarte Larrialdietarako Zerbitzua kolapsatuta dago, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren hitzetan. Plataforma horrek salatu duenez, kale egoeran bizi diren herritarrek gutxienez hiru hilabete itxaron behar izaten dute jantoki txartel bat lortzeko, eta urtebete inguru aterpetxe batean lekua izateko. Egoera horren aurrean, eskualdera jo dute kale egoeran bizi diren pertsonetako asko, C-3 linea baliatuta. Baina egoera ez da hobea eskualdean: ez dago gaua pasatzeko inolako baliabide publikorik eta, negua hasteko hilabete baten faltan, ez dirudi aktibatuko denik.
