"Emakumeak eskela direnean soilik doaz azalera, nahiz eta gehiengoa izan"

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko aza. 22a, 11:39

Kaitin Allende kazetaria. / Nora Latatu Landaluze

Komunikabideak dira errealitateen bozgoragailu. Indarkeria matxistak ere badu bertan eragina: edukien hautaketan eta trataeran, besteak beste.

Inkontzienteki bizi dira hedabideetako mikromatxismo gehienak, Kaitin Allende Zaldunbide Okondoko bizilagunaren ustez: "Emakumezkoa albiste da eskeletan agertzen denean, orduan doa lerroburuetara, zereginik ez dagoenean. Hedabideetako azaletan ez gara agertzen, ezta kontrazaletan ere, nahiz eta gehiengoa izan".

Urteak daramatza kazetari lanetan esatariak. "Zergatik dakigu kazetari arabiarra akatu dutela, eta ez Bulgariako neska kazetari bat bortxatu eta erail dutela? Zer kirol lantzen da hedabideetan? Beti gizonezkoen futbola. Inoiz eten al da programazioa 3-4 minutuko tartea eskaintzeko neska futbolariei? Emakumeak futbolean, karatean edo sokatiran munduko onenak izanda ere, eurei bost", azpimarratu du.

Tratuan ere nabari ditu botere harremanak, "zer eta nola esaten diguten, mikromatxismo moduan har daiteke". Bitxikeri gisa, martxoaren 8ko greba feminista aipatu du: "Irratian gehienak emakumeak gara, eta guardian zeuden editoreek momentu txarra bizi izan zuten. Hor ikusi zen gure gremioan ez dela baloratzen gure lana 'momentu kritikoak' iritsi arte".

Okondoarrak dio gauza asko aldatu beharko liratekeela informazioaren ekoizpen sisteman. "Kazetaritza 24 orduko lana da, albisteak ez baitira eteten. Beraz, ordutegia moldatzeko edo murrizteko eskaera eginez gero, beti daude trabak: gaur eguna libre duenak, biharamunean lan bikoitza du".

Kazetarien artean asko dute ikasteko, Allende Zaldunbideren iritziz: "Gure esku dagoen guztia eginez gero, akaso, pauso txikiak eginda lortuko dugu zeozer; esaterako, Bilboko Nerbioiko itsasadarrena gabarra ateratzea neskek irabazi dutelako". Zaila bezain erraza da, bere hitzetan. Emakumeen lan edo lorpenak ez badira aitortzen, kazetarien artean aliatu beharko liratekeela pentsatzen du: "Aizu, ez dugu gai hori azalera eraman? Bakoitzari bere balioa ematea eskatzea ez da asko, baina bide erdia da".

Erlazionatuak

Matxismoa, gazteen "sagar pozoitu"

Izar Mendiguren Cosgaya 2018 aza 20 Aiaraldea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide