76 urte zituela zendu zen atzo Mari Jose Aretxederra De la Torre. Emakumeen eskubideen alde, urte luzez jardun du elkartegintzan. Hain zuzen, Solastiar emakume elkarteko lehendakaria izan zen 25 urtez. Horrez gain, makina bat jardunaldi eta forotan parte hartu zuen, pertsonen eta nazioaren askatasunaren alde, batik bat.
1943an jaio zen Aretxederra, Gordexolan. Alabaina, Laudion eta Okondoko elkarteetan jardun zuen, nagusiki. Sexualitateari buruzko jardunaldiak antolatu zituen, besteak beste, 2013an. Hori dela eta Aiaraldea Hedabideak elkarrizketatu zuen. Bere garaian -duela hamarkada ugari- sexualitatea tabua eta bekatua zirela azaldu zuen, eta hargatik antolatu zuten ikastaroa. Emakume elkartean 102 emakume izanik, errelebo eza zela arazo nagusi zioen, halaber.
Solastiarren zentratu zuen batez ere berdintasun eta feminismoaren aldeko borroka. Eragilearen 20. urtemuga zela eta, jendartearen bilakaeraz mintzatu zen hedabidean. Judith Uriarte izan zuen gogoan ordukoan, "emakumeen mugimendua Laudion Kultura Herrikoiko Zentroen baitan sortu zen. Judith Uriarte izan zen horien sortzailea, bera izan zen emakumeak etxetik ateratzearen alde gehien lan egin zuena. Garai haietan emakumeak etxearen, semeen eta senarraren zaintzan aritzen ginen. 70-80ko hamarkadetan ezkontzen ziren emakumeak lana utzi behar izaten zuten etxean lan egitera pasatzeko. Gaur egun emakume ia gehienek euren lanbidea eta etxeko lanak, biak egin behar izaten dituzte. Hala, Kultura Herrikoiko Zentroak emakumeak elkar harremantzeko balio izan zuten".
Eskerrez betetako agurra
Norbanako eta ordezkari ugarik eman diote agurra, hileta ekitaldian. Horien artean egon dira Laudio zein Okondoko zinegotziak, edota herri mugimenduko zenbait ordezkari.
Laudioko EH Bilduk sare sozialetan zabaldu zuen Maria Jesus Aretxederra De la Torre oroitu eta eskertzeko mezua: "Solastiar emakume taldeak 25 urte betetzen dituen honetan, urteetan bertako lehendakaria eta sorreratik kidea izan den Maria Jesus Aretxederra joan zaigu. EH Bildukoko zerrendakidea ere izan da. Zuk irekitako bidetik jarraituko dugu guk ere, Euskal Herri feminista lortu arte!". Aiaraldeko Sortuk ere plazaratu zuen oroigarria, "zuk ereindako hazietatik sortuko dira adaxka berriak" mezuarekin.
https://t.co/bYkQtmHISO pic.twitter.com/IEXCS5YQ5A
— Sortu Laudio (@SortuLaudioEH) December 11, 2019
Laudioko Mugimendu Feministak, bere aldetik, erreferente feminista goraipatu du: