Giro ederra ari da ezaugarritzen Okondoko San Bartolome jaietan. Asteartean jaurti zuten txupina, eta geroztik makina bat jarduera izan dituzte. Gastronomiak ere izan du tartea; lehenbiziko egunean paella txapelketa burutu zuten, eta gaur patata tortilarena. Antolatzaileek Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez, "inoizko tortila gehien aurkeztu dira, 41". Azpimarratu dutenez, paella lehiaketan ere jende ugari bertaratu zen.
Lehiaketa gastronomikoetan ez ezik, beste ekintzetan ere herritar ugari bildu da
Egun handia dute aurretik, ordea, okondoarrek. Goizez zein arratsaldez umeentzat jolas parkea egongo da. Gainera, apar festa gehituko zaio egitarauari arratsaldean.
Gauean, berriz, mozorro lehiaketak joko du goia. Hain zuzen, 21:00etan hasiko da ekitaldia. Hemen ikusi daiteke gaurko egitarau guztia.