Gaur 14:35ak aldera istripu berria gertatu da A-3641 errepidean, kasu honetan Okondoko udalerrian. Ertzaintzak adierazi duenez, kamioi bat irauli da Kultura Etxetik gertu. Zorionez, ez da zauriturik egon. Poliziak ez du aipatu ezer ibilgailua erretiratzeko lanei buruz.
Antzeko ezbeharra jazo zen astelehenean, beste kamioi batek bide berean egoera berdinean amaitu baitzuen, kasu horretan, Zuhatzan.
Asteleheneko istripuak eraginak izan zituen trafikoan, asteartean eraman baitzuten kamioia.
Gatazka puntua
A-3641 errepidean ohikoak dira horrelako ezbeharrak. Iaz, esaterako, bi kamioik bide ertzean amaitu zuten urteko azken hilean, abenduaren 23an eta abenduaren 3an.
Egoera errepikakor horrek isla du esparru politikoan. Izan ere, Okondoko Udalak exijitzen dio Arabako Foru Aldundiari errepidea hobetzeko ahalik eta lasterren, herriko ume askok Aiarako ikastolara jotzen dutelako egunero. Baina Aiarako Udalak aldarrikatzen du, ezer baino lehen, trafiko astuna debekatzea bide horretan, arriskutsutzat jotzen baitute kamioen presentzia eta hartzen duten abiadura.