Emakume erasotuak Ertzain etxean eta sare sozialetan salatu du gertatutakoa. "Zoritxarrez badirudi emakumeok defendatzen ikasi behar dugula, alertan egoten, kaletik edo etxera beldurrez joaten", adierazi du A.Fk.
Larunbatean bizitakoa zabaldu du: "Gizon batek jarraitu egin ninduen, nire gainera bota zen eta erasotzen saiatu zen. Zorionez, arin erreakzionatu nuen, laguntza eske oihuka hasi nintzen". Bizilagun batek oihua entzutean, laguntza eskaini zion. "Eskerrik asko zure ausardiagatik", nabarmendu du.
Erasotzaileari mezua
Erasotzaileari ere zuzendu zaio orozkoarra. "Irakurtzen ari bazara jakin ez dudala beldurrik, erasotua izateak indartsuago egin nauela, eta asko garela. Nire erara jarraituko dut bizitzen, nahi dudan tokitik nahi dudanean eta nahi dudanarekin etxeratzen".
Emakumeei deia
Halaber, Orozkoko emakumeei honako mezua zabaldu nahi izan die: "Ez izan beldurrik, ez dut intentzio horrekin hau kontatzen. Indartsuak gara, oso indartsuak. Orozkoko okindegian beti dago jendea gauez, beraz, norbait deitu behar izanez gero bertara jo laguntza eske". Azkenik, azken orduetan jasotako babesa eskertu du. Kontzentrazioaren inguruan ere mintzatu da: "Ez da niri babesa adierazteko, emakume guztiei baizik".