Naia Landaluzek Athletic Clubeko lehen taldeko kide gisa hasi du denboraldia

Aitor Aspuru Saez 2022ko uzt. 22a, 07:00
Naia Landaluze zurigorria. / Athletic Club

Orozkoarra lehen taldeko kidea bilakatu da Mariana Cerro eta Clara Pinedorekin batera eta asteazkenean azterketa medikua gainditu zuen.

Naia Landaluze Athletic Clubeko lehen taldeko jokalaria da. Izan ere, klubak ez du momentuz fitxaketarik egin eta dituen aurpegi berriak filialeko jokalariak dira. Asteazkenean azterketa medikua egin ostean, gaur izango du bere lehenengo entrenamendua Iraia Iturregi entrenatzailearekin.

Lezaman izango da lehen saioa, bigarren zenbakiko zelaian, eta irekia izango da, jarraitzaileek ikusle gisa parte har dezaten.

Landaluzek debuta egin zuen talde zurigorrian 2020/2021 denboraldian, ekainaren 26an, FC Barcelonaren kontra, eta pasa den denboraldian Reto Iberdrola txapelketa jokatu zuen. Hiru partida kenduta, orozkoarrak norgehiagoka guztiak lehiatu zituen eta Athletic Clubak berak bere abiadura eta aire jokoa goraipatu ditu, baita pasa den denboraldian lau gol egin zituela ere.

Bizkaiko klubeko elitera heldu baino lehen, Landaluzek ibilbide luzea egin du, nahiz eta gaztea izan. Berez, 2016an hasi zen bere harremana Athletic Clubarekin, teknifikazio saioetan parte hartzeko gonbidatu baitzuten. Hala ere, 2019an Estatu Batuetara jo zuen, Kentuckyra. Han beka lortu zuen ikasteko eta futbolean jokatzeko.

Dena den, pandemiaren ondorioz, Euskal Herrian geratzea erabaki zuen orozkoarrak, Campbellsvilleko bekari uko eginda.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide