Bihar, ekainaren 30ean, emango diete zaloarrek hasiera auzoko jaiei. 19:00etan abiatuko dute hiru eguneko egitaraua, Ostomila txotxongilo taldeak lagunduta.
Ondoren, 20:00etan, musikaren txanda helduko da: Enkarterriko Blakkat Mentxu taldea hard-rock doinu “postpandemikoekin” igoko da oholtzara, eta abeslari orozkoarra duen B.O.T.H. taldeak hardcorea, punka eta doinu melodikoak eramango ditu Zaloara. Garazi Santacruz Lizaso da taldeko abeslaria eta laukotea lehen diskoa grabatzen ari da Basauriko Txarraska Gaztetxean.
Biharamunean, 11:00etan, meza eta pintxoak izango dituzte Zaloan. Bazkarirako, ostera, paella txapelketa antolatu dute, sari eta guzti. Paellarik onena aurkezten dutenek 50 euro eta txapela jasoko dute, bigarren saridunak 30 euro eta hirugarrenak 20 euro jasoko ditu trukean. Parte-harztaileek 14:30ean aurkeztu beharko dituzte paellak eta goizean haurrentzako puzgarriak egongo dira.
Arratsaldean, garagardo dastatzea izango dute 19:30ean eta 20:30ean berriz hasiko dira musika emanaldiak: Deiedra Rebel Folk eta Herdoil musika taldeak igoko dira oholtzara, folk eta punk-oi doinuekin. Ondoren, Zirkinik Bez erromeriak hartuko du festa luzatzeko ardura eta ordu txikietan karaokea egingo dute.
Uztailaren 2an, igandean, 13:00etan bertsolarien txanda izango da. Serapio eta Juanjo Respaliza arituko dira, ohi legez, Zaloako taula gainean. Hortik aurrera, porra txapelketa, pintxoak eta zozketa izango dituzte jaiei amaiera eman bitarte.