Lesbos uharteko errefuxiatuei laguntza ematen dien gobernuz kanpoko erakundea da Zaporeak. Errefuxiatuei janaria eskaini eta bertan dauden pertsona eta elkarteekin lankidetzan aritzen dira. Azken urtean 3.000 janari errazio baino gehiago prestatu dituzte egunero elkartearen sukaldean.
Orozkon hainbat ekintza prestatu dituzte Zaporeak proiektuari laguntza emateko. Azaroak 8an Orozkoko museoan Alimentando la dignidad argazki-erakusketaren inaugurazioa egingo da. Elkarteak Lesbosen egiten duen lana azaleratzen du erakusketak eta azaroak 24rarte egongo da ikusgai.
Azaroaren 15ean Exopia dokumentala proiektatuko dute Donibane Aretoan 19:00etan. Ondoren, mahai-inguru bat egingo dute dokumentalaren lantaldearekin. Amaitzeko, Lesbosekin zuzenean konektatuko dira, bertan dagoen egoeraren berri emateko.
Azaroaren 22 eta 23an janari bilketa egingo dute udaletxeko arkupean. Ostiralean 18:00etatik 20:00etara egongo dira eta larunbatean 11:00etatik 13:00etara. Behar dituzten elikagaiak arroza, pasta, olioa eta lekaleak dira.
Ekitaldi guztietan, Zaporeak elkartearen material solidarioa erosteko aukera izango da eta laguntzeko aukeren inguruko informazioa ere.
Eskualdean errefuxiatuei laguntzeko ekimenak
Azken urteetan hainbat ekimen egin dira Orozkon eta eskualdean errefuxiatuei laguntza emateko. Esaterako, hainbat janari edo arropa bilketak egin izan dituzte. 2021. urtean ere Ane Intxaurraga orozkoarra errefuxiatuen erreskate lanetan ibili zen Aita Mari itsasontzian. Horrez gain, 2018 urtean Laudioko Ikastolako batxilergoko ikasleek errefuxiatuei laguntzeko Hesihes proiektua jarri zuten martxan Zaporeakekin batera. Astebetez egon ziren Greziako errefuxiatuen kanpamenduetan.