Gaur eguerdian Orozkoko jai euskaldunak aldarrikatzeko argazki kolektiboa egin dute Zubiaur plazan. 35 lagunek parte hartu dute ekimenean eta modu horretan Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak eta Orozkoko Udalak berak babestutako Gora Aiaraldeko jai euskaldunak! egitasmoa babestu dute.
Iniziatiba horrek euskara ospakizunen erdigunean jarri nahi du eta eskualdeko hainbat tokiko erakundek egin dute bat.
Argazkia egin ondoren, udalbatzako ordezkariek pankarta udaletxeko balkoian eskegi dute, txupinazoa astelehenean izango baita.
Gogoratu beharra dago aurtengo txupineroak herriko Berbalagun taldeko kideak izango direla.

Jaietan presente egongo den beste aldagai bat berdintasuna izango da eta Udalak eskumuturreko moreak sortu ditu indarkeria matxistaren kontra. Orozko Museoan eskuratu daitezke jadanik.