Gozamenaren aldeko aldarri ozenarekin abiatu dituzte Orozkoko jaiak

Maider Ramirez Martin 2026ko irailaren 1a

Zipotz txontxongiloak eta bere azpian dagoen Ander Martinez Perurenak irakurri dute pregoia eta gozamena eta askatasuna eraman dute Orozkoko erdigunera.

Arratsaldeko zazpiak puntuan entzun dira txistu eta danbolin hotsak Orozkoko udaletxeko balkoitik, eta horien atzetik atera da Zipotz. Bere gorputza osatzen duten izaren artetik agertu da orduan Ander Martinez Perurena.“Burruzkale 9n jaiotako bi arima euskaltzale eta irrifarretsuak” bilakatu dira orduan uneko protagonistak. 

Urteetan zehar "bizilagunengandik jasotako energia lau haizetara zabaltzeko" prest hartu dute mikroa, eta gozamena eta askatasuna erdigunean jarri dituen berbaldia eskaini diete orozkoarrei. Norbere identitatea eta sexu orientazioa aske bizitzearen aldeko mezu sendoa helarazi dute balkoitik eta Orozko erasorik gabeko herria izan nahi duela ere argi utzi nahi izan dute. 

Aldarrikapenez gain, esker hitzak ere partekatu dituzte, familiarekin lehenbizi, eta baita euskara eta jai herrikoiak bizirik mantentzen dituzten lagun guztiekin ere. Gaur Orozkon egon ezin izan duten herritar horiek ere oroitu dituzte Anderrek eta Zipotzek, eta bereziki, berriki zendutako Jabi Manzarbeitia izan dute gogoan. 

Zipotz txontxongilo erraldoiak 2004an jaio zenetik izandako bidelagunetako batzuk gonbidatu nahi izan ditu gaur, eta trikiti eta pandero soinuez lagunduta, Araiko eta Areatzako erraldoiek hartu dute Orozkoko plaza. Suziria jaurti bezain pronto abiatu dira denak kalejiran, Orozkoko buruhandiez lagunduta. Festa piztu da orduan herrian, sei egunez luzatzeko prest. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide