Arrietta Ruiz Goiri orozkoarrak palmaresa handitzen jarraitu du asteburuan. Izan ere, Getxoko Equus klubean lehiatu zen irailaren 18tik 20ra bitartean Euskadiko Hezte Klasikoko Txapelketa eta, hirugarren postua lortuta, brontzezko domina eraman zuen etxera.
Guztira 67 binomiok parte hartu zuten hainbat kategorietan banatuta. Arriettak bi sailkapen proba izan zituen eta hirugarrena izan zen bietan, lehenengoan %66,183 puntuazioarekin eta % 65,641koarekin bigarrenean.
Horri gehitu behar zaio Espainiako Txapelketan (irailaren 2tik 6ra bitartean jokatutakoa) hamaikagarren bukatu zuela sailkapen orokorrean.
Gauzak horrela, ez da harritzekoa Bizkaiko Foru Aldundiak Kirolari Promesen programan sartu izana.
Domina bilduma
Arestian aipatu bezala, Arrietta Ruiz Goirik marka oso onak izan ditu bere kirol ibilbidean, gaztea izan arren. Esaterako, 2022an Espainiako Txapelketako zilarrezko domina bereganatu zuen eta baita Federazio Kopa ere. Hurrengo urtean bigarren izan zen Federazio Kopan eta 2024an brontzezko bi domina ekarri zituen Poney Txapelketatik.
Hezte klasikoa
Kirol mota horrek Erdi Aroan dauzka erroak eta zaldiaren dotorezia zein gizakiarekin duen koordinazioa neurtzen dute epaileek. Horretarako zenbait ariketa egin behar dituzte amazonek eta zaldiak. Diziplina olinpikoa ere bada.