Ivan Fandiñoren omenez eskultura jartzeko laguntza eskatu du Otxomaio elkarteak

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko ots. 7a, 10:18

Zezen-plaza esanguratsuenetan aritu zen Ivan Fandiño.

Otxomaio zezen-taldeak adierazi duenez, "9 egunez kirol eta kultura jarduerak antolatuta" omenduko dute Ivan Fandiño.

Urduñarrak Ivan Fandiñoren omenaldia antolatzen ari dira. Otxomaio zezen-taldeak aditzera eman duenez, eragile ugari batu dira dinamikara dagoeneko.

Elkarlanean daude, besteak beste, Santa Zezilia musika banda, Getxa Goi txistulari taldea, Urduñako abesbatza, Parrokiako korala, Erauntsi dantza taldea, Amigos del Caballo elkartea edota Pelotazale elkartea.

Ivan Fandiñoren eskultura
Egitarauari dagokionez, egunak baino ez dituzte zehaztu: "9 egunez kultur ekitalditan zentratuko gara. Apirilaren 28tik maiatzaren 6ra hainbat kultura eta kirol jarduera egongo dira".

Horien artean kokatu dituzte kontzertuak, dantzak, pilota partidak, zaldi erakustaldia eta zezenketak.

Horrez gain, Ivan Fandiñoren ibilbidea gogoratzeko erakusketa atonduko dute, pilotaria eta txistularia izan baitzen, toreatzaile gisa munduan barrena aritu aurretik. Urduña ezagutzera emateagatik izendatu zuten 2015eko otxomaioetako pregoilari.

Herritarrei laguntzeko deia
Otxomaio klubaren hitzetan, hainbat artistekin jarri dira harremanetan Fandiñoren irudia Urduñako toki esanguratsuren batean ipintzeko, "hiriko ondare gisa".

Proiektuaren gastuak handiak direla eta, herritarrei laguntza ekonomikoa emateko eskatu diete. Hain zuzen, bankuko korronte zenbakia jarri dute eskura, bakoitzak nahi duen ekarpena egin dezan: ES35 0182 1203 1002 0153 9639.

Ildo beretik, bi euroren truke eskumuturreko-oroigarria erosi ahalko da zenbait establezimendutan, ekimena finantzatzeko.

Ekainaren 17an zendu zen Ivan Fandiño (1980, Urduña) Frantziako Aire Sur l'Adour herrian, zezenketa batean jasotako adarkadaren ondorioz. Otxomaio elkartearen aburuz, Urduña zezenketen mapa kokatu zuen, Madrileko Las Ventas plazan edo Ameriketan kasu. "Urduñaren izena beti eramaten zuen zihoan tokira. Hori guztiagatik hiriak gure enbaxadore zintzoari omenaldia eskaini nahi dio hainbat ekitaldi antolatuz, herriak luzaro oroi dezan".

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide