Ivan Fandiño zendu zen larunbatean Aire-sur-l'Adourren (Frantziako hegoaldea), zezenketa batean. 36 urteko toreatzaile urduñarrak estropezu egin zuen bere kapotearekin Juan del Alamoren zezenari "kitea" egitera zioanean. Animalia berarengana zuzendu zen orduan eta adarkada sartu zion, birikietan.
Mont-de-Marsan ospitalera eraman zuten urduñarra, baina handik minutu gutxira hil zen.
Gaur arratsaldean izango da hileta Urduñan, arratsaldeko 18:30ean.
Lehen zezenketa, Laudion
Oso gaztea zela (14 urterekin) zaletu zen Fandiño zezenketetara. Aurretik pilotari gisa aritu zen. Laudioko San Roke Jaietan estreinatu zen torero gisa, 1999ko abuztuaren 16an. Handik hiru urtera egin zuen bere lehen zezenketa pikadoreekin, bere jaioterrian. 2005 urtean lortu zuen torero gisa doktoratzea, Bilboko Vista Alegre plazan, El Juli aitabitxi zuela.
Bere ospea handituz joan zen pixkana. 2011 urtean Madrilgo Las Ventas plazan aritu zen lau aldiz, beste horrenbeste zezen hilaz. San Isidroko eta Denboraldiko Toreatzaile Onenaren sariak lortu zituen horrela.
Bi Urrezko Belarri
2012.urtea ere urte oparoa izan zen urduñarrarentzat. Valentziako Failetako Ferian aritu zen, eta Sevilla eta Madril ere bisitatu zituen, zezen bana hilaz hiri bakoitzean. Bilbon, Baionan, Toledon edota Pontevedran ere aritu zen, besteak beste. Modu horretan lortu zuen denboraldiko toreatzaile onenaren Urrezko Belarria, hurrengo urtean berriz lortuko zuena.
2015 urtean, aldiz, oso bestelako errekonozimendu bat jaso zuen toreatzaileak. Otxomaioetako pregoilari izendatu zuten, bere ibilbide osoaren aitortza gisa:
Hainbat aldiz zauritua
Gaurkoa ez da izan urduñarraren lehen istripua. 2010ean zezen batek hankan zauritu zuen Bilboko Vista Alegre plazan. 2013an, aldiz, adarkada bat jaso zuen Madrilgo San Isidro Ferian. Hilabete egon zen ospitalean, baina horrek ez zion galarazi urte horretan Urrezko Belarria bigarren aldiz irabaztea. 2014an, berriz, kolpe bat jaso zuen Baionako ferian toreatzen zegoela. Konortea galdu zuen eta ospitalera eraman behar izan zuten, baina handik gutxira itzuli zen arera.