Gazte Egunarekin ekin zenioten asanbladaren XX. urteurrena ospatzeari.
Junguitu: Gogo asko jarri dizkiogu XX. urteurrenari. Lan asko egin genuen Gazte Eguna aurrera ateratzeko eta balorazio positiboa egin dugu. Jende ugari egon zen eta pozik.
Asanbladatik igaro diren belaunaldiekin hitz egitea pentsatu genuen, eurek ere protagonismo apur bat izateko, egin duten lanaren aitortza gisa.
Bi hamarkada igaro dira asanblada sortu zenetik. Nola baloratzen duzue eginiko ibilbidea?
Aginako: Guretzat oso urteurren berezia da honakoa, hogeigarrena. Aurretik lanean egon diren guztiei ere erreferentzia egiten diela uste dut. Ikusi da Urduñak gazte mugimendu indartsua izan duela historikoki. Ea hurrengo urteetan ere horrela jarraitzen duen.
Beste hogei urte betetzeko moduan ikusten zarete?
Aginako: Orain nahiko jende gutxi gabiltza asanbladan, baina geroz eta gazte gehiago ari dira gerturatzen. Komunitatea lantzen ari gara eta jendeak badaki asanbladak zer nolako garrantzia duen herrian. Gazte Eguna bezalako ekimenek laguntzen dute bultzada ematen eta aktiboki parte hartzen.
Pregoilari izateko hautatu zaituztete. Pozik?
Aginako: Ilusio nahiko sortu digun albistea izan da. Baina aipatu nahiko genuke ez dela asanbladaren oraingo belaunaldiaren lorpen bat izan soilik, 20 urte hauetan lanean egon diren guztiena baizik.
Paradoxikoa da epaiketetan egon eta udalarekin borrokan aritu ostean, herriko jaietako pregoia irakurtzea. Nik uste dut honek frogatzen duela denborak bakoitza bere lekuan uzten duela eta Gazte Asanbladaren tokia udaletxeko balkoia dela.
Pregoia nolakoa izango den aurreratzerik?
Aginako: Belaunaldi ezberdinetako jendea egongo gara. Suziria Aintzane Okeranzak pizteak kutsu polita emango dio ekitaldiari, beti izan dugulako gertuko harremana berarekin eta uste dugulako txupinera lanetan ederto arituko den pertsona izango dela.