Urduñako hilerrian desobiratutako lehen bost biktimen gorpuzkiak senideen esku utziko dituzte larunbatean

Jone Gartzia Gerra 2023ko uzt. 27a, 13:00

71 errepresalituren gorpuzkiak azaleratu dituzte guztira indusketetan. / Aiaraldea.eus

Duintasunaren Kolunbarioan egingo dute ekitaldia larunbat goizean. Biktimen senideak, indusketen arduradunak eta hainbat ordezkari politiko izango dira bertan.

2014an hasi zituen Aranzadi Zientzia Elkarteak Urduñako hilerriko indusketa lanak, 1939tik 1941era diktadura frankistak Urduñako Espetxe Zentralean hildako presoen gorpuzkiak lurpetik ateratzeko nahian. Orduan, 14 pertsonaren hezurrak atera zituzten, bi ilaratan jarrita. Iazko abenduan berrekin zituzten lanak; eta 5 eguneko auzolanean 53 pertsonen gorpuzkiak aurkitu zituzten. Guztira, 71 pertsonen gorpuzkiak desobiratu dituzte Urduñako hilerritik.

Iazko indusketen ostean hasi ziren gorpuzkiak identifikatzeko lanetan eta Eusko Jaurlaritzaren memoria arloko ordezkaritza bat Extremaduran egon zen, identifikazio genetikoa egiteko senideen bila. Izan ere, Urduñako Espetxean hil ziren 225 presoetatik 127 extremadurarrak ziren eta gehienak Castuerako (Badajoz) espetxetik eraman zituzten hirira. Gogora Institutua arduratzen ari da lan horiek koordinatzeaz eta dagoeneko bost gorpu identifikatu dituzte.

Maiatzean jakinarazi zuten lehenengo gorpua identifikatu zutela: Fructuoso Llorensena. Badajozeko Fuente del Maestre herriko nekazaria zen Llorens. 1939an etxetik indarrez atera zuten eta geroztik senide eta lagunek ez zuten haren berririk izan. Extremaduratik Urduñako espetxera eraman zuten eta, ikerketen arabera, 1941eko apirilaren 6an hil zen, 55 urte zituela. Bere alaba Juana Llorensek Gogora Institutuari emandako DNA lagin bati esker identifikatu ahal izan zuten Llorens. Aita etxetik atera zutenean 10 urte zituen Juanak, eta orain 94 ditu.

Biktimei eta senideei aitortza

Oraingoz, bost izan dira identifikatu ahal izan dituzten gorpuak: Fructuoso Llorens Tolesano, Alfonso Tena Prieto, Manuel eta Salvador de Amo Jimenez anaiak eta Alejandro Gomez Hidalgo. Lehenengo laurak Badajozekoak ziren eta Gomez Hidalgo Toledokoa (Gaztela-Mantxa).

Larunbat honetan, uztailaren 29an, egingo dute biktimen gorpuzkiak familien esku uzteko ekitaldia. 11:30ean hasiko da Duinatsunaren Kolunbarioan, ‘Duintasuna’ izeneko eskulturaren ondoan. Bertan identifikatutako lagunen senideak egongo dira, baita indusketen arduradunak eta zenbait erakunde publikotako ordezkariak ere.

Zehazki, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak; Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak; Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak; Iker Santocildes Urduñako alkateak eta Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologoak hartuko dute parte larunbateko ekitaldian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide