Puntako jokalari ohien eskutik, emakumezkoen futbola izango da protagonista ostiralean Orduña Hiria Museoan

Aitor Aspuru Saez 2024ko ots. 6a, 10:30

Eli Ibarra futbolean jokatzen zuenean. / Athletic Club

Kirolean esperientzia handia lortutako hizlariak izango dituzte museoan futbolaren bilakaerari buruz mintzatzeko: Eli Ibarra, Maitane Sobrón "Txiti", Maitane Basualdo, Maite Muguruza eta Gurutze Badillo.

Orduña Hiria Museoak hitzordu bikaina prestatu du ostiralerako, emakumezkoen futbolaren nondik norakoak ezagutzeko. Horretarako, eskarmentu handiko hizlariak eseriko ditu mahai beraren bueltan, 19:00etan.

Aditu nagusia Eli Ibarra izango da. Gipuzkoarra jatorriz, baina Aiaraldeko biztanlea, Ibarrak ibilbide paregabea egin zuen Athleticen. Jokalari gisa bost Superliga irabazi zituen zurigorriekin eta, horrez gain, klubean partida gehien jokatu duen emakumezkoa da, 413 guztira. 111 gol egin zituen klubarekin. Munduko Txapelketan jokatzeko hautatu zuten 2015ean, gainera. Horrez gain, Athleticeko arlo sozialean lan egiten du Genuine taldearekin, adibidez, eta filialeko ordezkaria ere bada.

Ibarrak bere bizipenak izango ditu ardatz eta futbolean egindako ibilbidea landuko du: "Nik kirola nola bizi izan dudan azalduko dut. Horrez gain, hitz egingo dut berdintasunaren ikuspuntutik emakumezkoen eta gizonezkoen futbolari buruz. Halaber, nabarmenduko dut kirolak balioak ematen dituela, eta nik futbolean ikasi dudana nire bizitzan erabiltzen dudala".

Ibarrarekin batera, Maitane Sobron Athletic Clubeko jokalari ohia eta CD Orduñako golegile historikoa; eta Maitane Basualdo, CD Orduñako eta Athletic Clubeko kide ohia, egongo dira. Solasaldian Maite Muguruzak ere parte hartuko du. Urduñako futbolean aintzindaria izan zen eta hiritik atera zen bestelako klubetan aritzeko. Horrek Euskal Selekziora eta Espainiako Selekziora eraman zuen. Hizlari sorta ixteko, Gurutze Badillo gonbidatu dute, Bizkaiko Selekzioko jokalaria izandakoa eta CD Sondikako garai onenetako jokalaria. Talde bizkaitarra lehen mailan lehiatu zen 1990eko hamarkadan.

Ekintza honekin, CD Orduñak bere lehen mendeurrena ospatzen jarraituko du eta Athletic Fundazioaren babesa izan du horretarako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide