Asier Castilla Pikazak irabazi zuen atzo San Roman Saria Muxikan

Aitor Aspuru Saez 2024ko abu. 3a, 16:49

Asier Castilla irabazten.

Txirrindulari urduñarrak denboraldiko bigarren podiuma eskuratu du lasterketa bizia irabazita.

Asier Castilla Pikazak denboraldiko lehen garaipena lortu zuen atzo Muxikan, San Roman sarian. Lasterketa ez zen erraza izan, eta urduñarrak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, proba oso bizia izan zen.

Bost bira egin behar zituzten zirkuitu berean, Mendatako mendi atea igota, hain zuzen. Bigarren biran tropela bitan zatitu zen eta azken birarako Asier Castilla Pikazak bazituen zenbait etxeko lan eginda, mendiko saria etengabe borrokatu baitzuen.

Edonola ere, azken igoeran -aldapan bukatu zen lasterketan- talde indartsuenetako txirrindulari finenak zeuden buruan, bost guztira. Asier Castilla Pikazak eta beste batek ekin zioten ihesaldiari, baina koordinazioa galdu ondoren, beste batek harrapatu zituen eta aldi berean, gora jo zuen.

Urduñarrak ez zuen bistaz galdu arerioa eta bere atzean jarri zen, azken metroetan esprintean irabazteko.

Denboraldi gogorra

Duela bi aste igo zen Laboral Kutxako txirrindularia lehen aldiz podiumera denboraldi honetan, Gatzago proban hirugarren izan eta gero. Edonola ere, ez da bolada onena izaten ari berarentzat.

"Oso ondo prestatu nuen neguan nire burua. Entrenamendu gogorrekin, baina hasi eta gutxira, martxoan, bi erorketa izan nituen. Gero lesio bat izan nuen maiatzean. Azkenean, uztailera arte ez dut sasoia berreskuratu eta orain indartsu nabil berriro", aitortu du Asierrek.

Urduñarraren ibilbidea luzea da, nahiz eta gaztea izan. Kategoria anitzetan hainbat lorpenen protagonista izan da, podiumak zapaldu ditu, Arabako txapelduna izan da, Espainiako Txapelketetan parte hartu du... Eta ez da ahaztu behar bere amamarekin harreman berezia duela txirrindularitzari esker.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide