Asier Castilla urduñarrak Euskadiko senior kategoriako txapeldun berria izatea lortu zuen larunbatean Seguran. Edonola ere, txirrindulariarentzat ez da nahikoa. "Nire kategoriako kirolari euskaldun onena izan nintzen, baina sailkapenean hamargarren izan nintzen", azaldu du Laboral Kutxako taldekideak.
Berez, ibilbidea ez zen oso luzea, baina zortzi mendate zituen. Etengabe igo eta jaitsi behar ziren kirolariak eta, testuinguru horretan ondo moldatzen denez, irabaztea espero zuen Urduñako txirrindulariak.
Izan ere, iaz podiumak zapaldu zituen irailean Urdulizeko lasterketan lepauztaia apurtu arte, erorketa baten ondorioz. Hala ere, indarrean dagoen denboraldian ez du lortu iazko sentsazio onak errepikatzea. "Seguran eta gaurko Circuito Montañés-eko lehen proban itzuli dira sentsazio onak, baina nire asmoa zen lasterketaren bat irabaztea", aitortu dio gazteak Aiaraldea Komunikabideari.
Denboraldia hobetzea
Kantabriako lasterketa horren proban zortzigarren izan da gaur Castilla eta bere helburua da denboraldia konpontzea Euskal Herriko egutegian garaipenen bat erdietsita. Iaz, adibidez, Muxikako San Roman Saria eraman zuen etxera.
Horrez gain, Espainiako Txapelketan podiumera igotzea lortuko balu, pozik egongo litzatekela aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari.
Castilla gaztea izan arren, urduñarraren ibilbidea luzea da. Kategoria anitzetan hainbat lorpenen protagonista izan da, podiumak zapaldu ditu, Arabako txapelduna izan da, Espainiako Txapelketetan parte hartu du...