Urduñako Udalak asteartean argitaratu zuen Duintasunasunaren Kolunbarioa handitzeko kontratazio iragarkia. Zehazki, 57.304,51 euroko aurrekontua egongo da (BEZ barne) eta 42 horma-hilobi berri eraiki nahi dituzte.
Horietako 24 hobi 5,00x1,20 metroko pabilioi batean joango dira eta beste 18ak, aldiz, 4,00x1,20 metroko beste batean. Hiru hilabeteko epea emango du tokiko erakundeak esku-hartzea amaitzeko.
Alberto Alonso Gogora Institutuko zuzendariak iragarri zuen iaz eremu hori handitzeko asmoa.
Oroimen historikoaren mugarria
Duintasunaren Kolunbarioa oroimen historikoa berreskuratzeko toki oso garrantzitsua da. Izan ere, prozesu luzea egin da Urduñako kartzela frankistaren hainbat biktima han sartzeko. Lehenik eta behin, Joseba Egigurenek errepresio azpiegitura horren historia azaleratu zuen eta gero Aranzadik indusketak egin zituen hiriko hilerrian.
Kartzelan hildako eta eraildako pertsonen gorpuzkin horiek identifikatzeko saiakera anitz egin dira, baina ez da guztiz argitu nortzuk diren Frankismoaren zapalkuntzak utzitako hildakoak.
DNA bitartez senideak identifikatzea lortzen denean, euren esku uzten dituzte hezurrak, baina maiz familiek kolunbarioan geratzea nahiago dute. Halaber, beste hildakoen gorpuzkinak ere eraman dituzte Urduñara, Martin Fabo Colerarenak kasu.
Datuen arabera, 225 pertsona hil ziren Urduñako kontzentrazio-esparru eta espetxe frankistan 1937 eta 1941 urteen artean, baina momentuz ez dute ezta erdia topatu.
2022an egin zituzten memoria azpiegitura horren obrak eta uztailan inauguratu zuten, lehenengo 15 biktimak toki horretan sartuta.