Urduñako Udalak urriaren 10ean onartu zuen Ekonomia eta Finantza Plana, Bizkaiko Foru Aldundiko arau fiskalak betetzeko. EAJren aldeko bozekin eta EH Bilduren kontrakoekin egin zuen, oposizioa oso kritikoa izan baita horrekin.
Udal gobernu taldeak azaldu du arau fiskalek tokiko erakundeen egonkortze ekonomikoa eta aurrekontu oreka bilatzen badute ere, Urduñakoaren egoera ekonomikoa egokia dela.
Hori argudiatzeko, EAJko taldeak argitu du hiru sail dituela arau fiskalak; aurrekontu-egonkortasuna (2024an 347.864 euroko finantzaketa gaitasun positiboa izan zuen), zorraren muga (% 15ekoa da, muga % 60 izanda) eta gastu araua. Lehen bi atalak bete ditu Urduñak, baina azkena, aldiz, %15ean gainditu du 2024an.
Halaber, zenbait datu zabaldu ditu Udalak egoera azaltzeko:
2024an, baimendutako gastu konputagarria 5.298.686 eurokoa zen, baina benetako gastua 6.092.869 eurokoa izan zen, hau da, baimendutakoa baino 794.182 euro gehiago (%15 gehiago), honako gastua eraginda:
- Urduñederra S.L.: 277.938 euroko soberakina, batez ere Urduñako bainuetxeko kreditu kobraezina (246.959 euro) kontabilizatzeagatik, hartzekodunen konkurtsoa itxi ondoren.
Bestalde, Udaleko igoera azaltzen duten partida nagusiak honako hauek direla gaineratu dute:
- Langile-gastuak (hitzarmena aplikatzeagatik): igoera orokorra.
- Bulego- eta hornidura-gastuak: 46.520€ gehiago.
- Eraikin eta zerbitzu publikoetako mantentze-lanak eta obrak: 40.662€ gehiago.
- Kultura eta Euskara Saila: 57.740€ gehiago.
- Zerbitzu publikoak eta kale-garbiketa: 44.781€ gehiago.
- Hiri-hondakinen bilketa: 35.500€ gehiago.
Hortaz, udal gobernu taldeak argudiatu du gastu-gehikuntza zerbitzuen eta mantentze-lanen errefortzuei, kultura- eta gizarte-hobekuntzei eta eskatu ahalako kontabilitate-doikuntzei dagokiela, guztiak ere aurreko ekitaldietako diru-sarrera erabilgarriekin eta gerakin positiboarekin finantzatuak (305.984 euroko geldikina 2023ko gastu orokorretarako).
Inbertsioak atzeratzea konponbidea
Gauzak horrela, Udalak bi inbertsio bertan behera utzi behar izan ditu hurrengo urterako: emakumearen etxearen erosketa eta bulegoetako obrak, hasiera batean 2025erako aurreikusita zeudenak.
Udal zorra menperatzea, urte luzetako borroka
Aipatu beharra dago Urduñako Udaleko arazo kritikoak zorrarekin duela hamarkada bat baino gehiago sortu zirela, eta neurri batean, horri esker bereganatu zuela Bilduk alkatetza.
Hori bai, behin aginte makila lortuta, Karlos Arranz alkateak likidezia arazo larriei egin behar izan zizkion aurre. 2012an, esaterako, Udalak laguntza eskatu behar izan zion Bizkaiko Foru Aldundiari, zeukan diruarekin ezingo baitzuen jarduera amaitu.
2013an zorpetze maila hain altua zen, ezen alkateak prentsaurrekoan ziurtatu zuen Kutxabankeko mailegua ordaintzeari utziko ziotela, langileen soldatak kitatzeko. Urte horretan agerraldi jendetsua egin zuten, 'Urduñak merezi du' plataforma sortu baitzuten, beste erakundeen inplikazioa exijitzeko zorpetzearen afera konpontzeko bidean.
Zorrak sortutako desorekak luze iraun zuen, nahiz eta 2016an kontrol neurrien barruan zegoen ia ia udal ekonomia. Neurri erradikalak hartu eta gero, hori bai.