Eliza katolikoa utzi zuten moja klaratarrek sare sozialak baliatu dituzte azaltzeko epaileak Urduñako komentutik ateratako kideetako bat hil zela larunbatean.
Emakumezkoek argitu dute Sor Getsemanik 89 urte zituela eta Castil de Lenceseko Santa Clara komentuan zendu dela. Bere kide ohiaren izaera goraipatzeaz gain, klaratar zismatikoek gogoratu dute Guardia Zibilak Urduñatik eraman zuela abenduaren 18an, beste lau kiderekin batera.
Horren harira, adierazi dute inork ez ziela jaramonik egin behar zituen zaintzen eta botiken inguruan ohartarazi zutenean.
Aipatu beharra dago abenduaren 18an Guardia Zibila eta zerbitzu medikuak agertu zirela Urduñako komentuan bost moja nagusienak Basurtuko ospitalera eramateko, ordena erlijiosoaren kasua kudeatzen duen epailearen aginduz.
101 eta 88 urte bitarteko mojak izan ziren ospitaleratuak eta zerbitzu medikuek erabaki zuten ez zirela ari beharrezko zaintzak jasotzen. Ondorioz, ez zituzten Urduñara eraman berriro.
Berez, abenduaren 18koa ez zen izan Guardia Zibilaren lehen bisita Urduñako moja-etxera. Aurretik bi klaratar atxilotu zituen, arte trafikoa leporatuta. Polemika guztia duela urtebete hasi zen, klaratarrek Eliza Katolikoa utzi zutenean.