Larunbatean, urtarrilaren 31n, Eskolan sukaldea daukagu eta orain zer? jardunaldiak prestatu dituzte, ikastetxe publikoen jantoki ereduari buruz eztabaidatzeko. Bergarako Udaletxean izango da saioa 10:00etatik 13:30ak arte eta izena hemen eman daiteke.
Berez, lau hizlarik parte hartuko dute solasaldian: Aitor Bilbao abokatuak, Eba Colomino Urduñako Guraso Elkarteko kideak eta Nerea Martiarena eta Marta Barba, Araitz-Betelu Araxes eskolako esperientzia azalduko dutenak.
Eba Colomino urduñarrak hiriko sukalde agroekologikoaren nondik norakoak aipatuko ditu. Nabarmentzekoa da eredu berezia dutela Urduñan, Udala eta Urduña Herri Eskolako IGE elkarlanean aritzen baitira horretan, udalerrian daukaten elikadura estrategiaren barruan.
Hiriko eredua kontsumo lokalean eta agroekologikoan oinarrituta dago eta ezin da bereiztu udalerrian egindako lehen sektorearen eta tokiko ekoizleen aldeko lan orokorretik. Hortaz, ez da kasualitatea Urduñak hartu izana bere gain jantoki eredu mota hori garatzeko ardura, EAEn egondako esperientzia aitzindari eta pilotu gisa.
Halaber, ez da, inondik inora, kasualitatea Belardi Haragi Eraldaketa Zentroa ere Urduñan sortu izana. Ezin da ahaztu Urduñako Udal Sukaldeak ez duela bakarrik eskola elikatzen, nagusien egoitza ere hornitzen du, tokikotasuna lehenetsita.
Eba Colomino urduñarrak hiriko sukalde agroekologikoaren nondik norakoak aipatuko ditu. Nabarmentzekoa da eredu berezia dutela Urduñan, Udala eta Urduña Herri Eskolako IGE elkarlanean aritzen baitira horretan, udalerrian daukaten elikadura estrategiaren barruan.
Lehen mugarri bat ikastetxeetako sukaldeen eredua garatzeko
Larunbateko jardunaldiak hitzaldi sorta baino gehiago izango dira. Aintzat hartu behar da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarri duela Hezkuntza Publikoko hainbat zentrotan sukaldeak eraikiko dituela, Urduñan, besteak beste.
Edonola ere, Gure Platera Gure Aukera plataformak salatu du urrats horrek ez duela bat egin sukalde deszentralizatuak sortzeko neurriekin. "Makro-enpresek kudeatutako catering jantoki-eredua blindatuta dauka Eusko Jaurlaritzak", salatu dute.
Gauzak horrela, larunbateko ekimena tokiko erakunde eta ikastetxeak erakartzeko saiakera izango da, indarrak metatzeko eta aldaketa behartzeko. Izan ere, 50 hezkuntza zentrok adierazi zuten eredu horretara trantsizioa egiteko nahia 2024an.