Fiskaltzak zein akusazio partikularrak hamabi urteko kartzela-zigorra eskatu dute Urduñako moja zismatikoentzat. Berez, 87 eta 101 urte bitarteko bost ahizpa abandonatzea, sorospen-betebeharra ez betetzea, tratu umilgarria ematea, derrigortzea, administrazio desleiala egitea eta bidegabeko jabetzea leporatu diete.
Iragan maiatzean eman zuen Bilboko Instrukzioko 5 zenbakiko Auzitegiko epaileak instrukzio-fasea itxi eta prozedurarekin jarraitzeko autoa, alderdiek akusazio-idazkiak eta ahozko epaiketa hasteko eskaera aurkez zitzaten. Orain, komunikatu bat zabaldu dute akusatuek, Fiskaltzak zein akusazio partikularrak hamabi urteko kartzela-zigorra eskatu dutela zabaltzeko eta euren buruak errugabetzat agertzeko.
Hainbat mediok zabaldu dutenez, mojek haien aurkako "sorgin-ehiza" abiatu dela diote: "Bizitzen ari garen guztia elizaren autoritateari desafio egiteagatik jazarpena eta zigorra da".
Burgoseko Guardia Zibilak iazko abenduan atera zituen moja nagusiak Urduñako komentutik, azterketa medikoa egiteko Basurtoko Ospitalean, txosten batek haien baldintza higieniko-sanitarioak zalantzan jarri ostean. Hori ez zen izan, ordea, Guardia Zibilaren lehen bisita Urduñako moja-etxera. Aurretik bi klaratar atxilotu zituen, arte trafikoa leporatuta. Polemika guztia 2024an hasi zen, klaratarrek Eliza Katolikoa utzi zutenean.