Victor Perez eta bere semea, Yeray, txapeldun izan dira Portugalen. Victor Perezek bere "harris" arranoarekin lortu du hegaldi baxuko kategorian irabaztea.
Yeray Perezek, ordea, Espainia ordezkatu du Portugalen aurkako norgehiagokan. Hori lortzeko 1. postuan sailkatu zen larunbatean. Atzo neurtu ziren estatu espainiarreko lehen 4 sailkatuak portugaldar onenekin, eta nazioarteko txapela Espainiako ordezkariek bereganatu zuten.
3 eguneko proba, eta 3 podium
Ostiralean hasi ziren txapelketak eta larunbatean erabaki zen nortzuk jokatuko zituzten finalak. Yeray eta Victor Perez 3 kategoriako finaletan sartu ziren eta aipatutako sariak ez ezik, podiumera beste bi aldiz igotzea lortu zuten.
Izan ere, falkoneriako proba horretan podiumak 5 lehiakide hartzen ditu eta Yeray 5. postuan geratu zen hegazti txikiarekin. Victor Perez, ordea, 4. sailkatu zen aztorearekin.
Denboraldia agurtuko dute asteburuan
2017-2018 denboraldiak emaitza onak utzi dizkie aiararrei. Berez, Victor Perezek nabarmen hobetu ditu bere emaitzak Portugalen -azken 3 urteetan 3. geratu zen- eta asteburu honetan bukatutzat emango dute lehiaketa, Segovian.