Hasi dira Aiarako jaiak. Sanprudentzioren omenez ospatzen dituzte, Arespalditzako plaza festa leku bilakatuta. Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, bi urteko etenaldia izan dute jaiek, baina gogoz heldu diote aiararrek urteroko zitari.
19:00etan izan da txupinaren jaurtiketa, eta elizatik hiru suziri piztu dituzte udal zinegotziek. Jarraian, jaietako marrazki lehiaketako sari banaketa ekitaldia egin dute, eta Aiara dantza taldearen emanaldia egon da ondoren.
Hala, karpa zuria adin anitzetako bizilagunek koloreztatu dute, guztiak festaz gozatzeko irrikitan zeudela. Dantzariei lekukoa Beti jai fanfarreak hartu dio, eta kontzertuekin bukatuko dute gaua.
Festen hasiera ekitaldian Gentza Alamillo Udaeta alkateak hartu du hitza, eta herriko elkarteei eskertu die urte osoan zehar zein festetan ekintzak antolatzeko izandako prestutasuna. Ildo beretik, eraso matxistarik gabe ekintzez gozatzeko deia luzatu die bertaratutakoei.
Asteburu osoan zehar luzatuko da egitaraua, igandera arte. Gainera, autobus zerbitzua eskainiko dute.