EH Bilduk bilera eskatu dio Aiara Batuzi udal gobernagarritasuna bermatuko duen akordioaren bila

Aitor Aspuru Saez 2023ko eka. 19a, 12:01

EH Bilduko udal gobernu taldea. / Aiaraldea.eus

Ustekabean alkatetza jaso ostean, EH Bilduk bilerara deitu du Aiara Batuz talde independentea, erakundearen gobernagarritasuna ahalbidetuko duen adostasuna lortzeko.

Aiarako EH Bilduk oharra zabaldu du jakinarazteko Aiara Batuzeko ordezkariak bilera batera deitu dituztela "Udalbatza eratu ondoren irekitako garai berriak eskatzen duen kudeaketa eta antolaketari heltzeko".

Izan ere, Aiara Batuzek Pruden Otegi alkategaiaren aldeko bozak eman ondoren, udalerriko hirugarren indarrak hartu zuen aginte makila larunbatean, ezustean.

EH Bilduko udal gobernu taldean hiru ordezkari daude, baina EAJk bost ditu eta Aiara Batuzek beste hiru, hortaz, gobernagarritasuna zaila da egungo egoeran.

Hori dela eta, udal gobernu berriak adierazi du: "Egungo indar korrelazioarekin, EH Bilduko hiru ordezkari Udal Gobernuan, zortzi zinegotziren aurrean (EAJko bost eta Aiara Batuzeko hiru), ez dago gobernagarritasuna bermatzeko ezta aldaketa politikak aurrera ateratzeko aukerarik".

Egoera hori gainditzeko, EH Bilduren aburuz, "Aiara Batuzek bultzatu duen gobernu berriaren programa eta antolaketa gaiei heldu behar zaie".

Negoziazio aro berria

Gogoratu beharra dago hau ez dela izango bi taldeen lehen negoziazio prozesua. Hain zuzen, pasa den astean elkartu ziren aztertzeko aukerak ote zeuden udal gobernua osatzeko. Edonola ere, elkarrizketek ez zuten emaitza positiborik utzi, Aiara Batuzek eta EH Bilduk adierazitakoaren arabera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide