Hedabideek jaso dutenez, Contubernio ekoiztetxea (La que se avecina telesail ospetsuaren egilea) Kexaako monumentua egokitzen ari da han telesaila grabatzeko hurrengo hilabeteetan.
Laura eta Alberto Caballero gidoilariak dira enpresa horren sortzaileak eta, dirudienez, 40 laguneko taldea ekarriko dute Aiarara proiektua egikaritzeko, teknikariak eta antzezleak barne.
Proiektuak oraindik izenik ez duen arren, aurreratu dute moja batzuen abenturak kontatuko dituela telesailak, euren komentua salbatu beharko baitute, zor mordoa pilatu ostean.
Ikus-entzunezko lan honen zortzi atal grabatuko dituzte eta streaming plataformaren batean eskainiko dituzte. Aipatu beharra dago Contubernioren produktu batzuk (El pueblo, Machos Alfa eta Muertos S. L.) Netflix edota Amazonen daude ikusgai.
Iradoki dutenaren arabera, Kexaan ez ezik, beste kokapen batzuetan ere grabatuko dute telesaioa. Antzezle multzoa zein izango den, aldiz, ez dute oraindik zehaztu.
Euskal erakundeek pizgarriak ezarri zituztenetik, nabarmen ugaritu da zinema ekoizpena Aiaraldean eta film anitz grabatu dituzte jadanik: Ocho, Sacamantecas... El niño ari dira uneotan egiten Urduñan eta urtea amaitu baino lehen proiektu gehiago egongo dira.