[ANALISIA] Son Gokuk euskararen alde borrokatu zuenean gaztelera garaitu arte: euskara, marrazki bizidunak eta globalizazioa

Aitor Aspuru Saez 2019ko ots. 19a, 16:00

Son Gokuren abenturek euskara hainbat umeren egunerokotasunean txertatzeko balio izan zuten./ Aimar Gutierrez

90eko hamarkadan erlijio bilakatu zen Euskal Herrian Dragoi Bola eta umeek euskaraz ikusten zuten egunero bere telebista saio kuttunena. Aldi berean, gazteleraz ematen ez zutenez, haur espainiar asko hizkuntza gutxituetara jarri ziren begira. Igandean Dragon Ball Super Brolly eskualdean estreinatuko dutela baliatuta, hona hemen hausnarketa bat euskararen zabalpenerako estrategiari, marrazki bizidunei, globalizazioari eta Interneti buruz.

Otsailaren 24an, igandean, estreinatuko dute Orozkon Dragon Ball Super Brolly eta berehala oroitu dut zer nolako fenomenoa izan zen Euskal Herrian Dragoi Bola.

Akira Toriyama manga egileak sortutako telebista saioa ETB1ean eman zuten lehenengo aldiz 1990ean eta bere arrakastak ez du onartzen inolako zalantzarik. Jolastokietan Son Goku eta bere lagun eta etsaiei buruz urte luzez hitz egin zen, baita bere borroka teknika bitxiak kopiatu.

Ariketa horretan, kolpe harrigarriak kopiatzeko orduan, batzuek besteek baino arrakasta gehiago izan dute. Aratz Garmendia Okondon bizi den MMAko borrokalari profesionalak gogoratzen du bere existentzian eragin handia izan zuela saioak: "Etxekolanak egin ostean, egunero ateratzen nuen tartetxoa Dragoi Bola ikusteko eta nire gurasoen zigor handiena zen saioa ikusten ez uztea. Nik uste dut txikitan egiten duzuna eragina duela zure etorkizunean. Nire anaiak Oliver y Benji ikusita erabaki zuen futbolari profesionala izatea, eta ni Son Gokuri esker naiz borrokalaria".

Gainera, ETBk ez zuen bakarrik saioa eskaini, telebistarako egindako filmak ere eman baitzituen; Garlic eta Bardock pertsonaien historiak azaltzen zituztenak, besteak beste. Azken hori Son Gokuren aita zen.

Hala ere, Dragoi Bolaren garaipena ez zen bakarrik izan kultura japoniarra hainbat haurtzaroren erdigunean jartzea, baizik eta, bereziki, euskara berarekin eramatea, zorioneko Troyako zaldia izango balitz bezala.

Son Gokuren abenturei esker, gune nagusiki erdaldunetan bizi ginenok ere ohitu ginen berehala hitanoa entzutera eta modu naturalean onartzera euskararen aberastasuna, kolokan jarri gabe zergatik ez genuen euskara mota hori gure klaseetan entzuten.

Horrela, euskara tresna hegemonikoa bilakatu zen arratsaldero Euskal Herrian gazte belaunaldi batean, gutxienez. Erlijio baten moduan, umeek ordu erdiko tartea egiten zioten egunero Dragoi Bolari, eta futbolak bere lekua hartzen zuenean, kirol erregea bihotzez gorrotatzen zuten. Fideltasun hori egun ezinezkoa da jadanik gizarte globalizatu honetan.

Gaztelerari aurre
Dragon Ballen arrakastaren ondorioz, Estatu Espainiarreko hainbat umek lehenengo aldiz erreparatu behar izan zieten elementu exotiko eta baztertu horiei; hizkuntza gutxituei, alegia, Konstituzioak aipatzen dituenak, baina euren gotorlekuetan zokoratuak bizi direnak.

Izan ere, zenbait urtez haur espainiarrek ezin izan zuten Dragon Ball gazteleraz jarraitu eta bere burua behartuta ikusi zuten kataluniarrez (Bola de Drac), galiziarrez (As boas maxicas) edo euskaraz (Dragoi bola) kontsumitzera. Gazte espainiar horiek hurbilen zuten kate autonomikoak hartzen saiatzen ziren, edota Katalunian, Galizian eta, kasurik okerrenean eurentzat, Euskal Herrian zituzten senideei eskatzen zieten atalak grabatzea VHS zintetan.

Egun guztiz ezinezkoa ematen duen arren, horrela gertatu zen telebista kate autonomikoen trebeziari esker eta bestelako gertakarien ondorioz.

Berez, FORTA plataformak (telebista autonomikoak batzen dituena) apustu handia egin zuen Akira Toriyamaren lanaren alde eta jarraitzaileek arrazoia eman zioten. Dirutza ordaindu behar izan zuen, antza.

Egia esanda, animazio saioa eskaini zuen lehenengo kate autonomikoa Canal Sur izan zen, 1989an, arrakasta handirik gabe. Hurrengo urtean ekin zioten Katalunian, Euskal Herrian eta Galizian igortzeari eta orduan bai, oihartzun nabarmena erdietsi zuen. Hain handia izan zen, ezen Canal Surrek berriro ekin baitzion emateari, eta Telemadridek erabaki bera hartu zuen.

Zentsura
Hori bai, gaztelerazko emankizunek ez zuten asko iraun, eskuineko hedabideek -aintzat hartu PSOEk agintzen zuela Madrilen zein Andaluzian-, guraso elkarte ugarik eta IUk ere Dragon Ballen aurka jo zutelako; oso garestia zelakoan eta, bereziki, oso bortitza.

Aipatu beharra dago garai horietan generoari ez zitzaiola erreparatzen, baina emakumeen protagonismoari buruz ere luze idazteko aukera legoke, Bulma protagonistak kutsu erotikoa jartzeko besterik ez baitzuen balio askotan. Hori bai, maiz pertsonaiaren batek konfiantza gehiegi hartzen zuenean, Bulmak autodefentsa feminista aktibatzen zuen eta zaplaztekoa ematen zion.

Hautsak harrotu bazituen ere, ez dago soberan azaltzea animeak zentsuraren artazia ezagutu zuela hedabideek eta alderdiek ezer esan baino lehen. Dragoi Bola jadanik "moztuta" heltzen zitzaigun Europatik, bere banatzaileak horrela erabaki zuelako. Horrez gain, telebista bakoitzak nahi zuen moduan erabiltzen zuen zentsura.

Dena den, FORTAk Europako emisioak erosten zituen eta Frantziatik etorrita, zenbait pasarterik gabe eskaintzen ziguten. Hala ere, bistakoa da animea oso bortitza zela. Halaber, zenbait pasarte erotiko bezain komikoak zituen; "fans service" deitzen direnak. Dena den, horrek zentsura merezi duen edo ez eta zergatik bestelako eztabaida da.

Edonola ere, Europatik horrela heltzen zela jakiteak kendu dit nire buruan urte luzez egondako susmoa. Berez, Dragon Ball manga (hau da, paperean) argitaratzen hasi zirenean, konturatu nintzen Satan Txiki ez zela, lan originalean, horrela deitzen, baizik eta Piccolo.

Satan Bihotz Txiki edo Pikolo?
Auskalo zergatik -pertsonaia berdea zen eta ezin maltzurragoa, askoz geroago jatorra bilakatu baino lehen- niretzat izen aldaketa hori agertzen zen Guardia Zibila ez iraintzeko saiakera moduan. Pentsa ezazue ETBko arrakastarik handienari esker umeek pikolo hitza ikastea tipo zital bat identifikatzeko. Ziurrenik norbaiti ez litzaioke ondo irudituko. Carlos Urquijori, adibidez.

Ordea, apur bat ikertuta, sumatu dut, antza, frantseseko itzulpenak aintzat hartuta horrela bataiatu zutela pertsonaia Euskal Herrian, baita Katalunian ere -Satanas Cor Petit han-.

Gazteleraz 1997an
Gure kontakizunera itzulita, salaketa kanpainak bukatu zuen gaztelerazko emisioekin 1997ra arte, une horretan erosi baitzituen Antena 3ek eskubideak gazteleraz.

Hala eta guztiz ere, 6 urte horiek izan ziren Dragoi Bolaren sukarraren bolada kritikoena eta tarte horretan eman zen esplotazio nagusiena (pegatinak, promozioak, kromoak...) gure herrian, behintzat.

Dudarik gabe, euskararen alde asko egin zuen telebista saio horrek urte goxo horietan. Nola ez, kasualitateak zerikusi handia izan zuen, baina garai horretako ikus-entzunezkoen egoera eta telebista autonomikoen apustu estrategikoek ere garrantzia izan zuten.

Bizitza lau telebista kateetan banatzen zenean
Irakurle millenial gazteok, hotzikara sortuko dizuen garai bati buruz idatziko dizuet: Internet gabeko aroa. Telebista autonomikoak sortu arte -ETB 1982koa da-, TVEak besterik ez zuen agintzen Estatu espainiarreko ikus-entzunezkoen artean. Ez da harritzekoa, hortaz, kate autonomikoak batzea bere nagusitasunari aurre egiteko.

Hori apurtzeko zutabe garrantzitsua izan zen umeen programazioa. TVEk apustu inportanteak egin zituen -David el Gnomo, Barrio Sesamo, Bioman, Los Caballeros del Zodiaco...-, baina bere aurkariak ez ziren atzean geratu, bitarteko ekonomiko urriagoak bazituzten ere. Argi dago FORTAren garaipen handiena Dragon Ball izan zela, baina ETBk igorritako marrazki bizidunen zerrendari begirada emanez gero, ezuste interesgarriak topatuko ditugu. Ezinezkoa da guztiak aipatzea, 500 kontratazio baino gehiago egin baitu euskal telebistak, baina zertzelada batzuk eman daitezke.

Hasteko, 1985etik aurrera jadanik gurasoak diren askoren buruetan dauden saioak ekarri zituzten Japoniatik: Dotakon, King Arthur, Captain Harlock...


Ez ziren falta hasieratik Hanna Barbera faktoriako lanak: The Herculoids, The flinstones, Yogi...
Unean uneko black explotationa -Mr T-, eta nazioarteko filmeen ospea ustiatzea bilatzen zutenak ere: Robocop, Rambo, Conan edo Ewokak.

Lehenengo urte horietan ezagutu genuen Akira Toriyamaren estreinako arte lana: Dr Slump. Arale robota zen protagonista -Dragoi Bolan agertu zen crossover lisergiko batean- eta askok oroituko dute gorotz arrosa bat zelako pertsonaietako bat.

Komikien klasiko europarrek ere bere tartea izan zuten: Tintin, Pottokiak edo Asterix eta Obelix... baita DC Cómics-ekoak: Batman, Superman eta Aquaman, esaterako.

Komiki eta jostailuei lotutako animazio arrakastatsu gehiago erakutsi zizkiguten urte haietan: Transformers, Gi Joe... edota Snorkelak ere.

Nabardura txiki bat. Hemen liberalismoaren eragina sumatzen hasi zen. Izan ere, Ronald Reagan presidente estatubatuarrak ireki zien atea jostailuak ziren marrazki bizidunei. Errepublikarrak hori baimendu baino lehen, telebista amerikarrek ezin zuten horrelakorik igorri, ezkutuko publizitatea baitzen.

Garaiko beste apustua izan zen Ninja Dordoka Gazteak. Fanzinean sortu zen ideia arrakasta handiko saga bilakatu da: filmak, komikiak eta telebista saioak agertu dira. Clan TVn bere azken bertsioa emititu bada ere, duela 20 urte baino gehiago agertu ziren lehenengo aldiz gure inguruan ETBren eskutik, euskaraz.

Kate pribatuen agerpena
Edonola ere, ikus-entzunezko hurbileko historian, 1990tik aurrera egoera okertzen hasi zen. Liberalismoak ezarri zuen telebista emisioen esparrua ekimen pribatuei ireki behar zela. Hortaz, telebista kate publikoen aurkako lehiari gehitu zitzaion orduan kate pribatuen agerpena. Tele5k, Antena3ek eta Canal Plusek irauli zuten ikus-entzunezkoen mundua Estatu Espainiarrean. Ez soilik dirutza zutelako horretarako eta umeen marrazki bizidunen eskaintzan zer esaterik zutelako (Captain Sutbasa, hau da, Oliver y Benji futbol jokalarien abenturak ekarri zituen Tele5k. Chicho Terremoto, Cops, Ranma 1/2 eta zerrenda luzea etorri ziren emisio pribatuekin).

Berez, kate pribatuen eraginez telebistak tabu guztiak apurtu zituen lasterketa zital batean eta telezaborra bilakatu da, denboraren poderioz, araua. (Gazteenek, zorionez, ez dituzte ezagutu Gil y tal y tal -Mamma Chichoekin-, Esta noche cruzamos el Missisipi edo geroago Crónicas Marcianas, zabor hutsa guztiak).

Gauzak horrela, ETBk apustu irmoa mantendu zuen umeentzako programazioan eta, esan bezala, hasierako urte horietan Dragoi Bola izan zen hedabidearen harribitxia.

Horrez gain, inbertsioak egiten jarraitu zuen arrautz guztiak saski berean ez izateko.
Animaziozko klasikoak kontratatu zituen: Isidoro, Popeye, Pantera arrosa, Doraemon, Tom eta Jerry, Lucky Luck, Garfield, Vicky Vikingoa, Inurri atomikoa...

Hello Kittyrekin agian aitzindariegia izan ziren gerora piztu zuen sukarra ikusita eta pelikulen explotationak ere ez zituzten baztertu (The real ghostbuster, The Addams family, Karate Kid, James Bond Jr.).

Gure kontzientzia ekologikoa pizten ere saiatu zen ETB Captain Planeti esker. 90. hamarkadako hasiera horietakoak ere badira beste ekoizpen arriskutsuagoak: Tales from the cryptkeeper, Cadillac and Dinosaurs, Ren eta Stimpy, Rugrats, Dinoriders (hauek agian gogoratuko dituzue jostailu ikaragarriak sortzen zituztelako) eta superheroei lotutakoak: Spiderman, Fantastic Four edota Spiderwoman.

Sentaiari ere tarte bat egin beharra dago. Lizun maiteok, sentai generoak ez dauka hentai  ekoizpenarekin -animazio japoniar pornografikoarekin- zerikusirik. Zehazki, Power Rangers eta horrelako telesailekin harremana dauka. Eredua beti da bera eta 80. hamarkadatik errepikatzen da.

Urtero sortzen duten saio horretan trama beti bera da: gazte talde bat hautatua izaten da Lurra defendatzeko inbasio estralurtar eta maltzurraren aurka. Horretarako mozorro koloredunak dituzte, ezpatak eta pistolak eta robot erraldoiak.

Esan bezala, Super Sentai Series telesaio hori urtero ekoizten dute Japonian eta gaia, mozorroak, robotak eta protagonistak denboraldiro aldatzen dituzte. Batzuetan jantziak eta robotak animaliei buruzkoak dira, beste batzuetan dinosauroei edo piratei egiten diete erreferentzia.

Gauzak horrela, gaztelaniaz bi telesaio famatu eman zituzten; Bioman eta Power Rangers. Gogoratu behar da Power Rangers bertsio amerikarra dela eta irudi guztiak, salbu protagonistak mozorrorik gabe agertzen direnean, jatorriz Super Sentai Serie japoniarretik hartuak direla, hau da, ez dela batere originala, copy pastea baizik.

ETBren erantzuna horien aurrean Jetman izan zen. Egun ikusita, saioa ez da ondo zahartu eta baten batek begiak kentzeko tentazioa sentitu dezake. Ordea, zenbait adituren arabera, denboraldi hori onenetakoa da. Hortaz, hautaketa ez dirudi itsu-itsuan egin zutenik.



Inbertsio gehiago
90. hamarkadako bigarren zatian ere inbertsioek jarraitu zuten telebista euskaldunean: Transformers, Sherlock Holmes, Street Fighter, X-Men, Tintin, Dungeons and Dragons...

Baina 2002. urtera arte ez zuten lortu zerbait deigarria: Shin Chan. Hori izan zen ETBk animazioari eman zion azken elementu freskagarria. Horren ondoren, kontratatutako ekoizpenak maiz berritasunera jo ordez, nostalgiaren norabide atzerakoia hartu dute: Marco, Heidi, Calimero, Doraemon... Salbuespen gutxirekin: Totally Spies, Pokemon edo Shaun ardia.

Gaur egun, nabarmendu bezala, ETBren apustuak animazioaren esparruan indar ia guztia galdu du. Shin Chan ume bihurriaren abenturak euskaratu zituen eta hautsak harrotu zituen apur bat XXI. mende hasieran, eta hori izan bere azken arrakasta. Argitu beharra dago Shin Chanek ospe ona zein txarra izan zuela. Izan ere, ume horren iruzkinak eta portaerak maiz mikromatxistak baino gehiago ziren. Hala ere, publikoaren harrera ona izan zen eta, besteak beste, euskarazko diskoa plazaratu zuten: Shin Chan Dance.

Geroago anbiziozko erabaki gutxi hartu ditu kateak eta Dragoi Bolaren arrakasta errepikatu nahian One Piece manga erosi zuen, emaitza bereziki onak erdietsi gabe.

Une hauetan ETBk ez dauka estrategiarik euskara marrazki bizidunen artean txertatzeko eta dituen kanalak begiratzea besterik ez dago hori berresteko. Gazteleraz ez diren kanalak noraezean doaz eta nahasmen horren barruan marrazki bizidunek nekez lortzen dute umeen arreta erakartzea.

Horrez gain, badirudi marrazki bizidunak bikoiztera bideratutako orduak izugarri murriztu dituela EITBk -100 ordu urtera-, eta horren ondorioz bikoizleek greba abiatu dute, horrelako klip bitxiak ekoiztuta:

Baina, esan bezala, Doraemon edota Dragoi Bola ia ariketa nostalgikoak dira -gogoratzen dut Alfredo Remirezek aipatu zuenean Akira Toriyamaren telebista saioaren atalak ikusten zituela Julen Ibarrolarekin espetxean- eta globalizazioak eta Internetek kontsumo ohiturak aldatu dituzte. Alde batetik, badaude umeen eskaintzan zentratu diren kateak (ClanTV, Boing...) eta Internet zerbitzua eskaintzen dituzten plataformak ere harrigarriak dira arlo horretan.

Bestetik, umeek zein gurasoek ez dute hurrengo egunera itxaron behar atal berria ikusteko, YouTuben bilatzen badute, han ase dezakete jakin-mina. Telebistetatik harago, bestelako errealitatea da YouTube, entretenimendua eskaintzen du sakelakotik hainbat hizkuntzatan.
Abiadura bizian aldatzen diren kontsumo ohituretan gero eta zailagoa da eragitea eta orain arteko estrategiak emaitzaren bat eman bazuen, ez dirudi etorkizunean horrela izango denik. Kanpotik eta handitik -hau da, ekoizpen atzerritarra bikoiztuta- esku hartzea agian ezinezkoa da XXI. mendean.

Berez, Interneten dena topatu daiteke gazteleraz edota ingelesez (globalizazioak horretan ez du gupidarik). Ematen du eragiteko aukera bakarra izan daitekeela tokitik eta txikitik lan egitea, ekoizpen propioekin, hain zuzen (apustu gutxi egin zituen ETBk; Fernando Amezketarra edo Txirrita baino ez), eta euskal industria garatuta.

Horretarako, borondate politikoa ezinbestekoa da eta hizkuntza komunitatea eraikitzeko ikuspegia. Hau da, jakitea zein balio transmititu nahi diren eta zein hizkuntzan, egokitzen zaion estrategia garatu eta gauzatu ahal izateko: gidoia, animazioa, publizitatea...

Tamalez, formula hori ez bada erabiltzen EITBn oro har -salbuespenak salbuespen, Herri txiki, infernu handi bezala-, nekez abiatuko da marrazki bizidunekin.

Hala ere, badirudi euskarak arrakastaren bat izateko, bere eredu propioak bilatu beharko dituela (Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek edo Berri Txarrak taldeak egin bezala), kanpoko ekoizpena euskaratzearekin ez baita nahikoa izango. Joseba Sarrionandiak gogoratu zuen igandean Garan egindako elkarrizketan: "Euskal kulturak, setiatzen duten kulturak baino sortzaileagoa izan behar du bizirauteko".

Beste era batean esanda, unibertso propioa sortzeko beharra du euskarak; originala eta erreferentziazkoa, marrazki bizidunetan ere, inguratzen gaituzten kulturak baino erakargarriagoa izateko. Horretarako, kopia merkeen garaia gainditu behar da, eta kalitatea kopuruaren gainetik jarri.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide