ANALISIA

Tubacex enpresako sententziek eta grebak urduritasuna sortu dute enpresarien artean

Aitor Aspuru Saez 2021ko uzt. 12a, 13:30

150 eguneko greba gainditu dute momentuz Tubacexeko langileek. / Aiaraldea.eus

CEBEK Bizkaiko enpresarien elkarteak eta CONFEBASKek iritzi kritikoak plazaratu dituzte sententziei buruz, eta urduritasuna bistakoa da euren artean, epaiek ez dietelako langileak kaleratzea ahalbidetzen.

Azken egunetan Tubacex enpresako epaiek oihartzun handia izan dute enpresarien artean. Hasierako isilunearen artean, badirudi patronalak estrategia definitu duela eta bere burua kokatu duela.

 

Balorazio negatiboa

CEBEKek (Bizkaiko enpresarien erakundeak) EITBn adierazi zuen “albiste txarra” zirela Tubacexeko sententziak. Euren ustez, horrelako erabakiek erakargarritasuna kentzen diote lurraldeari konpainia berriak erakartzerako orduan.

 

CEBEKeko presidente Carolina Perez de Toledok oso argi hitz egin zuen: “ez da zuzena enpresak behartzea egitura finkoak izatera, ez uztea espedientearen aukera baliatzea kaleratzeak egiteko”.

 

Confebask, EAEko enpresarien elkarteak, bide beretik jo du epaiak baloratzerako orduan eta aldarrikatu du "segurtasun juridiko handiagoa" behar dutela enpresek. Hau da, Aernnovan kaleratzeak ahalbidetu dituzten bitartean, Tubacex edo PCB konpainietan kontrakoa ebatzi izana leporatu diete epaileei.

 

Juan Ugarte SEA Arabako enpresarien elkarteko zuzendariak, bere aldetik, hitzez hitz errepikatu ditu CONFEBASKen adierazpenak.

 

Gezurrak edo iritzi partzialak?

Aburu horiek defendatzeko, edonola ere, enpresarien ordezkariek oso iritzi partzialak baliatu dituzte. Sindikatuen, langileen eta epaileen argudioei erreparatuta, zuzenean esan daiteke CEBEkek eta CONFEBASKek gezurrak zabaldu dituztela euren jarrerak azaltzeko.

 

 

Esaterako, CEBEKeko presidentea Carolina Perez Toledok aipatu zuen Tubacexeko beharginek “50.000 edo 60.000 euro” kobratzen dituztela urtero. Langileek eurek zuzendu dute datu faltsu hori.

 

Izan ere, Tubacexeko datuen arabera, bere beharginek 56.000 euro inguru kobratzen dute batezbestez, baina aintzat hartu beharra dago estatistika horretan enpresako kide guztiak daudela berdin sartuta:

 

 

Gauzak horrela, zuzendaritza, teknikariak, tarteko agintariak eta administrariak lantegiko beharginen maila berean daude, baina soldatak ez dira berdinak eta ekoizpeneko langileak 2/3 baino ez dira.

 

Horri gehitu behar zaio zuzendaritzaren soldatak ez direla makalak. Hain zuzen, 2019an 1,5 milioi euro inguru jaso zituzten zuzendaritzako kideek.

 

CONFEBASKek, aldiz, “segurtasun juridikoaren falta” aipatzen duenean, ez dio erreparatzen oinarrizko kontu bateri: epaileek Aernnovako kaleratzeak onartu zituztela enpresa horren krisialdia ez zutelako jo koiunturaltzat, baizik eta estrukturaltzat.

 

Ordea, epaitegiek ez dute gauza bera sumatu Tubacex edo PCBren kasuetan eta argi eta garbi adierazi dute pandemiaren eragina aprobetxatu nahi dutela enpresek langileak kale gorrian uzteko. Hortaz, “segurtasun ezarik” ez dago, jokoaren arauak gardenak dira.

 

Yolanda Diaz, etsai publiko berria

Azken hilabeteetan enpresarien kritikak sindikatuetan zentratu dira gehienbat, ELAn eta LABen bereziki, baina hori aldatu egin zen iragan astean. 

 

Ikusita Yolanda Diaz Lan Ministroak bultzatutako legeei iskin egitea ez dela hain erraza izango, enpresariek deabru berria bilakatu dute. Denbora gutxian Pablo Iglesiasek utzitako lekua hartu du Unidas Podemoseko buruak zentzu horretan eta, esaterako, CEBEKek leporatu zion ez dagoela ondo ministro bat epaiagatik poztea. Zehazki, CEBEKentzat Yolanda Diaz pozten zen “gaztaka dagoelako eta enpresen egoera txarra delako”.

 

Lan erreforma

Yolanda Diazek patronalaren gorroto guztia erakartzeak azalpen gardena dauka. 2012an Mariano Rajoyren Gobernuak gauzatutako lan erreformak erraztasun guztiak eman dizkie enpresariei langileak kaleratzeko; bai kalte-ordainak murriztuta, zein epaitegietako bideak itxita eta Administrazioaren esku-hartzea murriztuta.

 

Enpresariek hainbat urtez egin dituzte nahi beste kaleratze argipenak eman gabe estatuari edo epaileei -oro har- eta, bat-batean, horiek argudiatu behar izateak gogaitu ditu. Hala eta guztiz ere, patronalarentzat okerrena etortzear egon daiteke, suposatzen baita Yolanda Diaz lan erreforma berria prestatzen ari dela.

 

Zaila da jakitea zein neurrian balizko erreforma horrek PPrena bertan behera utziko duen. Izan ere, “gobernu aurrerakoiak” tintontzian dauka oraindik “mozal legea” indargabetzea eta, ustez, errezagoa izango zen hori egitea.

 

Momentuz, CEOEk Yolanda Diazen asmoen kontra dagoela jakinarazi du eta negoziazio mahaia uzteko prest dagoela aipatu du.

 

Aiaraldean borroka ez du etenik

Bitartean, Aiaraldean egoera ez da asko aldatu. Bihar elkartuko dira Tubacexeko zuzendaritza eta sindikatuak eta horren ostean jakingo da gatazka lasaitzen edo tenkatzen den. Izan ere, enpresak azaldu beharko du berriro onartu behar dituen langileak euren lanpostuetara itzuliko diren edo etxean geratuko diren, nahiz eta nomina jaso.

 

Halaber, asteazkenean eskualdeko mobilizazioa egongo da Laudion 18:30ean, lantegiko ataritik abiatuta. Aiaraldearrei eskerrak ematea izango da mobilizazioaren xedea, hilabete hauetan zehar erakutsitako elkartasunagatik. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide