Atzo Tubacexeko zuzendaritzak komunikatu berria plazaratu zuen, kasu honetan, langileentzat. Dokumentuak hainbat paragrafo izan arren, bi mezu argita laburbildu daiteke: ez dute langile batzordeak eskatzen duena egingo (Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegitea kendu, EAEko Auzitegi Nagusiak 129 kaleratzeak bertan behera utzi eta gero) eta abuztuan zein irailean ahalik eta gehien produzitu nahi dute.
Testuak zenbait ironia ditu. Alde batetik, zuzendaritzak berriro errepikatzen du enpresa batzordeak ez diola erantzun bere proposamenari. Baina, bestetik, errepikatzen du ez duela helegitearekin atzera egingo, inondik inora. Hau da, ez dute beteko sindikatuek exijitu duten baldintza bakarra greba amaitzeko.
Ekoizpena topera, baina ixteko arriskua?
Eskutitzak duen beste ironia bat da zuzendaritzak berriro aipatzen duela grebak zalantzan jartzen duela lantegien bideragarritasuna. EAEko Auzitegi Nagusiko epaileek ez zuten hori sinisgarritzat jo sententzietan, baina Tubacex bera kontraesanean erortzen da honakoa esaten duenean, aldi berean: "abuztuan jarduera maila handiena mantenduko da, errendimendu operatibo osoan funtzionatzeko abuztuaren 30eko astetik aurrera".
Mehatxuak badakigu zeintzuk diren, lantegiak itxiko dituztela. Nahiak ere argiak dira, ahalik eta tutu gehien ekoiztea. Eta itxaropena, eskirolek zuzendaritzaren ipurdia salbatzea
Nola da posible Amurrio eta Laudioko fabriken etorkizuna arriskuan egotea, euren asmoa bada azpiegiturak gaitasun osoz aritzea? Badirudi enpresako arduradunak eskizofrenia hutsean sartu direla berriki eta euren nahiak, mehatxuak eta itxaropenak nahasten ari direla modu publikoan.
Mehatxuak badakigu zeintzuk diren, lantegiak itxiko dituztela. Nahiak ere argiak dira, ahalik eta tutu gehien ekoiztea. Eta itxaropena, eskirolek zuzendaritzaren ipurdia salbatzea.
Eskirolak, irtenbide bakarra zuzendaritzarentzat
Tubacexeko arduradunek hainbat hilabeteko isiltasuna gorde dute, gatazka ikusezin bilakatzeko. Dudarik gabe, uste zuten greba bertan behera geratuko zela euren kalkuluei eragin gabe. Baina abuztuan gaude eta euren plan guztiak erortzen ari dira. Eurek aitortu bezala, lan karga dago eta fabrikak geldituta daude.
Ondorioz, uztailera arteko poker aurpegia urratzen hasi zaie. Maiatzean iraungiko zen eskaintza egin zuten. Antza, hori izango zen bakarra. Uztailean etorri da beste bat, eta grebalariek onartu ez dutenez, bistakoa da zuzendaritza burua galtzen hasi dela.
Lehen isiltasuna zena hitz jario bukaezina bihurtu da bat-batean. Ezer berririk esan gabe, hori bai. Tubacexek ez du gogorik erakutsi kaleratzeak indargabetzeko eta bere itxaropen guztiak jarri ditu Madrilgo Auzitegi Gorenean.
Baina bitartean greba ez da eten, eta irtenbideak agortzen ari dira Esmorisek lideratzen duen taldearentzat. Jadanik hiru komunikatu publiko egin dituzte azken astean enpresa batzordea sakatzeko. Aldiz, atzoko deia langileei, lanpostuetara itzuli daitezen, etsituta dagoen zuzendaritza baten muturreko neurria da, indar erakustaldiaren kontrakoa, nahiz eta dozena polizia izan bere agindutara.
Estrategia aldaketa, baina ahuldade erakustaldia
Grebak zuzendaritza zokoratu duela ikus daiteke ez bakarrik enpresan sortu den urduritasunean, baita sumatzen den tentsio mailan ere. Azken asteetan polizia eta autobusak itzuli dira lantegietara eta, horrez gain, etengabeak bihurtu dira grebalarien kontrako intoxikazio eta kriminalizazioak zenbait komunikabideren partetik. Ez da falta izan CCOO sindikatuko EAEko idazkariaren deia greba amaitzeko eta, aste honetan, kartak agortzen ari direnean, Tubacexeko arduradunek dena jarri dute jokoan, eskirolek lagunduko dituztelakoan.
Gauzak horrela, badirudi abuztua oso beroa izango dela, eta ez eguraldiagatik, baizik eta Tubacexeko greba une erabakigarrian sartuko delako eta zuzendaritza setiatua sentitzen ari delako; eta ez dago animali arriskutsuagoarik, inguratuta sentitzen dena baino.