Astelehenean 10:00etan Tubacex enpresak eta konpainiako langile batek epaiketa izan zuten Gasteizen. Izan ere, multinazionalak 60 egunez enplegu eta soldata gabe zigortu zuen iaz behargina eta honek erabakia salatu zuen.
Gauzak horrela, astelehenean aldeek euren argudioak aurkeztu zituzten. Enpresak peritu medikua eta Aitor Gomez ikerlaria eraman zituen deklaratzera eta langileak, ordea, txosten medikuak eta lekukoak. Tubacexek egotzi zion beharginari fede txarrez luzatzea baja eta hori frogatzeko Gorbeiako parke naturalean egon izana leporatu zion.
Bere aldetik, langileak Enpresa Batzordeko ordezkaria eta ezagun bat eraman zituen epaitegira. Beharginaren lagunak azaldu zuen zein egoeran joan ziren bera, zenbait ume eta zigortua mendira. Horrez gain, Galdakaoko ospitaleko zein bere medikuaren txostenak erakutsi zituen langileak.
Beharginak aipatu dio Aiaraldea Komnikabideari berak ez zuela baja luzatu, baizik eta medikuaren aholkuz egon zela lanera joan gabe, bere nahia lanpostura itzultzea baitzen.
Itxaronaldia
Epaiari dagokionez, erabakia luzatuko dela dirudi. "Abokatuak esa dit lan karga handia dagoela epaitegian", adierazi du langileak, "edonola ere, ni lasai nago, harro nago egindakoaz eta ez dut ezer ezkutatzeko".
Halaber, beharginak aipatu du bere abokatuak salatu zuela enpresak ez zuela lan hitzarmena bete bere zigorraren kudeaketan: "Edozein zigor jakinarazi baino lehen, Enpresa Batzordeari komunikatu behar dio 10 egun lehenago. Nire kasuan, sindikatuek honen berri jaso zuten egun berean".
Ikerlaria, 35 urteko kartzela zigorreko eskaerarekin
Azkenik, langileak aipatu du bere aurka deklaratu zuen ikerlaria Aitor G. S. izan zela, Winterman enpresakoa. Beharginak erantsi du pertsona horren kontra 35 urteko kartzela zigorra eskatu zuela Bartzelonako Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak, legearen kontrako prozedurak erabiltzegatik datu pribatuak lortzeko. "Operación Pitiusa"-ren barruan, fiskalak ikerlariari leporatu zion Guardia Zibil baten bitartez eskuratzea norbanakoen autoen matrikulak.
Kaleratzeak ikerlari pribatuen bidez
Astelehenean izandako epaiketa ez da izan ikerlari pribatuei lotutako zigor bakarra Tubacexen. Iazko ekainean, adibidez, langile bat kaleratu zuten antzeko prozedura baliatuta.