Euskaraz sortzen diren kultur adierazpen anitzek lekua izan dute Loraldia Festibalean azken urteotan. Are gehiago, Loraldia agente dinamizatzailea bilakatu da eta sortzaileak zirikatu izan ditu lurralde berriak ikertzeko, agian inoiz espero ez luketen diziplinak lantzeko, ikuskizun erakargarriak sortzeko eta euren sormena Bilboko erdigunera eramateko.
Ahalegin horren isla da jaialdiaren VIII. edizioa, zeinak musika, graffitia, antzerkia edota bertsolaritza uztartu dituen. Berez, ekimenak 18 ekintza eskainiko ditu eta Aiaraldea Komunikabideak parada emango die kulturzale interesdunei 5 emanalditara joateko:
Loraldia Terminala. Martxoaren 12an Zorrotzaurre auzuneko La Terminal aretoan egun osoko jarduera egongo da: graffiti, beat-box, musika, antzerkia... 11:30ean hasiko dira eta 22:30ak arte luzatuko da eskaintza. Izena eman sarreren zozketan hemen.
Mira Hadi, Eulalia Abaitua andre-begietan. Eulalia Abaitua argazkigintzaren aitzindaria izan zen Euskal Herrian eta XIX. mendeko lekukotza aparta utzi zuen. Ikuskizunak hiru osagai ditu: Ikus entzunezkoen bidez Abaituaren argazkiak ezagutuko dira, teatro-kontaketak (Ane Pikaza) haren bizitza eta memoria osatuko du eta musikak (Maite Larburu) historia miresgarri honi soinu banda jarriko dio. Izena eman sarreren zozketan hemen. Arriaga Antzokian, martxoaren 15ean, asteartean, 19:30ean.
Laboa. Lekeitiotik hegan. Musika garaikideak, arte bisualak eta kantuak elkartzen dituen sorkuntza, Laboari buruzko begirada berri bat eskaintzen duen bidegurutzea. Kontzertua Kuraia Musika Garaikideko XXVIII. Topaketarekin elkarlanean sortu da. Bilboko Arriaga antzokian taularatuko da, martxoaren 16an, asteazkena, 19:30ean. Izena eman sarreren zozketan hemen.
Muguruza Mani-Fest. Ez da omenaldi bat, gure bizitzaren soinu-banda izan diren kantuen berrikusketa baizik. Neo-soul, reggae, rap… entzungo dira gaueko giroan. Muguruza komandante zaharra gaurko garaietara ekarriko dute. Jakin badakigu Ferminen kantak ez direla sekula zahartzen. Horregatik, manifestu berri bat idatzi nahi izan dute eta festa baten bidez eskaini. Ateak ireki, gora herria! Erdu Muguruza Mani-Festara! Martxoaren 26an, larunbata, 22:00etan, Kafe Antzokian. Izena eman sarreren zozketan hemen.
Gerorik balego. Alaine Agirreri esan zion Loraldiak geroari begira jartzeko eta, horren ondorioz Gerorik balego testu original eta zirraragarria sortu du. Idazkia abiapuntua da ikuskizun hau ehuntzeko. Testu literarioarekin batera, bi bertsolari (Oihana Bartra eta Nerea Ibarzabal) eta musikari bat (Olatz Salvador) arituko dira eszenan. Hausnarketa poetiko hau kate begi berri bat da orain arte Loraldiaren edizio guztietan egon diren amaiera ekitaldietan. Bertan, literatura, musika eta bertsolaritza uztartzen dira eta etorkizunari begira paratzen dira. Geroa eta oraina gurutzatzen diren lekua izango da berriro ere Guggenheimen auditorioa. Martxoaren 27an izango da zita, igandean, Guggenheim Museoan, 12:30ean. Izena eman sarreren zozketan hemen.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!