ANALISIA

Zer gertatu zen Tubacexeko Saratxoko piketean?

Txabi Alvarado Bañares 2022ko abu. 4a, 07:15

2021ko martxoaren 25ak utzitako lau irudi. / Aiaraldea.eus

4 urte eta 7 hilabeteko espetxe zigorra eskatu diete Aiaraldeko hiru gazteri 2021ko martxoaren 25ean Saratxon jazotako gertakariengatik. Aiaraldea Komunikabideak egun horretan jarraipen berezia egin zuen goizeko lehen ordutik, eta zenbait ondorio interesgarri atera daitezke orduan bildutako informazio eta material grafikotik.

Fiskaltzak 4 urte 7 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du Aiaraldeko hiru gazterentzat, 2021eko martxoaren 25ean Tubacexeko grebako Saratxoko piketean “desordena publikoak” eta “autoritatearen aurkako atentatua” egitea leporatuta. 

Aiaraldea Komunikabideak bertan gertatutakoaren jarraipen berezia egin zuen, piketetik bertatik. Egun hura mugarri garrantzitsua izan zen Tubacexeko langileek eginiko borrokan. Beharginek piztutako suzko barrikadarekin esnatu zen Saratxoko industriagunea, Ertzaintzaren tanketaren bisitarekin amaitzeko. Tartean egon ziren poliziaren kargak, identifikazioak edota suhiltzaileen elkartasun keinuak, beste beste. 

Aurrekariak

Martxoaren 25erako, Tubacexeko langileek 43 zeramatzaten greba mugagabean, zuzendaritzak Aiaraldeko bi lantegietan burutu nahi zituen 150 kaleratzeen aurka. Ia hilabete bat igaro zen Ertzaintzak grebalarien aurka lehen aldiz kargatu zuenetik, eta 17 egun martxoaren 8ko pikete feministak zuzendaritzaren autobusak buelta ematea lortu zuenetik (lehen eta azken aldiz greba osoan).  

Bi gertakari esanguratsu horiek Laudioko lantegiaren sarreran gertatu ziren. Martxoaren bigarren hamabostaldian, aldiz, Saratxoko fabrikako piketera mugitu zen borroka, eta tentsioa.  

Martxoaren 25eko gertakariak baino bi egun lehenago, Amurrioko Udalak jarritako argindar kable bat moztu zuen Ertzaintzak, zizailak baliatuta, grebalarien etxolak argindarrik gabe utziz

2021ko martxoaren 25a osteguna izan zen. Bi egun lehenago -asteartean- giroa nabarmen tenkatu zen langileen eta Ertzaintzaren artean. Beharginek barrikada egin zuten Saratxoko lantegiaren aurrean, surik piztu gabe. Brigada mugikorreko kideek furgonetak erabili zituzten bidean pilatutako edukiontziak kentzeko. Baina ez ziren horretara mugatu:  Amurrioko Udalak jarritako argindar kable bat ere moztu zuten, zizaila bat baliatuta, piketeko etxolak argi gabe utziz. Langileak musika jartzen ari ziren une horretan, eta poliziaren aurkako abesti bat (Narco taldearen Puta policía) entzuten ari zen bozgoragailuetatik. 

Handik gutxira iritsi zen zuzendaritzaren autobusa. Langile batzuk errepidean zeuden, eta autobusaren aurrean jarri ziren. Brigada mugikorreko kideak arrapaladan gerturatu ziren, fabrikaren sarreran zeudelako oraindik eta, seguraski, berandu konturatu zirelako poligonoaren sarreratik metro batzuetara gertatzen ari zenaz. Hala ere, kontrakoa zirudien arren, ez zen aparteko istilurik egon egun horretan.

Suzko barrikada egunsentian

Aurrekari horiekin iritsi zen Tubacexeko langileek greba martxoaren 25era. Goiz hasi zen eguna. 5:00etarako grebalari ugari zeuden Saratxon, beste fabrika batzuetako langileekin eta eskualdeko zenbait bizilagunekin batera. 

Grebaren jarraipena ia erabatekoa zen ekoizpeneko langileen artean, sindikatuek emandako datuen arabera. Gauzak hala, lehen orduak lasaiak izan ziren. 7:30ak aldera eman zioten su pneumatikoz eginiko barrikadari. Ke-zutabe ikusgarria eratu zen, baina giroak lasai jarraitu zuen beste ordubetez. 

8:30ak aldera Ertzaintzaren bi auto eta bi furgoneta iritsi ziren poligonoaren sarrerara.

Suzko barrikadaren garrak nabarmen apaldu ziren ordurako, su-txiki bat bilakatzeraino. Dozenaka pertsonek errepidera jo zuten orduan, eta jende hori identifikatzeari ekin zioten poliziek. Orduan eskatu zioten NANa  auziperatutako gazteetako bati (orduan bakarrik). Beste bi gazteak oraindik ez ziren Saratxora iritsi, eta ez zituzten une batean ere ez identifikatu. Hala azaldu dute hirurek El Salto komunikabideari eginiko adierazpenetan.  

Bideoan, auziperatutako gaztea identifikatu zuten unea:

Polizia gehiago iritsi ziren handik ordu erdira, 9 furgoneta guztira. Ertzainak ilaran jarri, eta errepidean zein Sartaxoko saihesbideko obretan sakabanatutako beharginak bultzatzeari ekin zioten, fabrikaren sarrerara. Bidean, polizia grabatzen ari zen beste gazte bat atzeman eta identifikatu zuten (dozenaka pertsona identifikatu zituzten arrazoi beragatik grebak iraun zuen hilabeteetan).

Poligonoaren sarreran tentsioak zinez egin zuen gora. Ertzaintza lehen kolpeak ematen ari zen, eta salbak bota zituen. Langileek, euren aldetik, arrautzak botaz erantzun zuten. 

Suhiltzaileen elkartasuna

Ondoren, giroa berriz baretu zen, erlatiboki. Ertzainek barrikadako elementuak (harriak, hesiak, egurrezko zutoinak…) bidetik kentzeari ekin zioten, horretarako baliabide egokirik gabe (hesi bat baliatu zuten barrikadako errautsak kentzeko, adibidez).

Bien bitartean, barreak ziren nagusi beharginen artean. 

Handik gutxira bertaratu ziren suhiltzaileak. Ez zuten aparteko ezer egin behar izan, sua ia erabat itzalita zegoelako ordurako. Azken garrak desagerrarazi, eta langileen txalo artean joan ziren. ‘Gora Tubacexeko langileak! Zuekin gaude’ oihukatu zuten kamioiko bozgorailua piztuta.

Denbora tarte horretan guztian (1-2 ordu artean) Ertzaintzak erabat moztu zuen Saratxoko errepidea, eta inguruko beste lantegietan sartu edo irten behar ziren hainbat langileren protesta eragin zuen horrek.

Kargak, behin autobusa sartuta

Goizeko hamaikak pasata iritsi zuzendaritzaren autobusa, eta aparteko arazorik gabe sartu ahal izan zen fabrikara. Ertzaintzak ohiko lerroa egin zuen langileak bidetik kentzeko (hemen beheko bideoan ikusi daiteke une hori, eta baita ondorengo kargak ere):

Behin autobusa sartuta lehertu zen tentsioa. Polizia batek borrarekin jo zuen bertan zegoen sindikalista bat, eta handik gutxira kargatu zuten lehenbiziko aldiz. Atzera jo zuten gero, langileen oihuen artean; eta berriz kargatu zuten orduan, borrak zein foam balak erabilita. Hainbat zauritu egon ziren:

Karga bikoitz hori egin eta segituan joan ziren polizia guztiak, inor atxikitu edo identifikatu gabe. Pertsona ugarik jo zuten ospitalera, lesioengatik. 

Tanketa agerpena, arratsaldean

Arratsaldean atera zen zuzendaritzaren autobusa Saratxoko poligonotik. Ordurako langileek beste barrikada bat zuten prestatua bidearen erdian, goizekoa baino nabarmen txikiagoa eta surik gabekoa. Hala ere, Ertzaintzak ordura arte ikusi gabeko tresna bat eraman zuen egoera bideratzeko: tanketa. Ibilgailu horren agerpena, baina, erabat anekdotikoa izan zen goizeko gertakariekin alderatuta. Langileek bide bazterrean eserita igaro zuten denbora guztia, egoera umorez komentatu eta mugikorrekin irudiak ateratzen. 

Ondorengoak

Hurrengo egun, aste eta hilabeteetan gertatutakoa aferak ezagunagoak dira. Saratxoko piketeko gertakariak jazo eta aste batzuetara poliziaren bisita jaso zuten etxean auziperatutako hiru gazteek, eta ekainaren 17an igaro ziren Amurrioko epaitegitik. Ehundik gora herritar bertaratu ziren elkartasuna adieraztera, eta Brigada Mugikorraren furgoneta ugari agertu ziren halako batean. Grebalarien aurka oldartu eta horietako bat zauritu eta atxilotu zuten. 

Langile ugarik komentatu zuten egun hartan pasatakoa oso arraroa izan zela, eta harremana izan zezakeela epailearen aurretik igaro zirenak gazteak (eta ez grebalariak) izatearekin. 

Handik 19 egunera (uztailaren 6an) multinazionalak ezarritako Enplegua Erregulatzeko Espedientea baliogabetu zuten epaileek, baina Tubacexeko langileek beste hiru hilabetez mantendu zuten greba,  zuzendaritzak epaiaren helegitea kentzea onartu eta, ondorioz, behargin guztiak fabrikara itzuli ahalko zirela bermatu arte. 

2021ko urriaren 5an sartu ziren langileak fabrikara, 236 eguneko greba historikoari amaiera emanez. Hilabete horietan bizitakoaren oihartzunak, baina, Aiaraldea astintzen jarraituko duela dirudi, onerako zein txarrerako. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide