Espainiako Diputatuen Kongresura iritsi da Glavistako langileen borroka

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko urt. 25a, 07:00

Elkartasun keinua eskaini die Oskar Matute diputatuak Glavistako langileei. / EH Bildu

Oskar Matute EH Bilduko diputatuak Madrilgo Kongresura eraman du Glavistako beharginen auzia. "Langile klasearen aurkako etengabeko erasoen" adibidetzat jarri du Laudioko fabrikako egoera.

Hartzekodunen aurrelehiaketan sartu berri da Glavista enpresa, eta arriskuan jarri du Laudioko Autoglas lantegiko 240 langileren etorkizuna, Valentzia eta Alemaniako beste bi fabrikekin batera. Testuinguru horretan, langileek mobilizatzeari ekin zioten iragan urtarrilaren 20an.

Atzo Espainiako Diputatuen Kongresura egin zuen jauzi Laudioko lantegiko beharginen borrokak. Oskar Matute EH Bilduko diputatuak presente izan zituen Glavistako langileak Madrilgo tribunatik egindako hitzartzean. "Langile klasearen aurkako etengabeko adibideetako" bat bezala definitu zuen Matutek Laudioko langileen egoera, desberdintasun sozialak salatzea helburu zuen hitzaldian.

Parter Capitalen papera ere salatu zuen Matutek Diputatuen Kongresutik. Gaur egun Glavistarenak diren hiru lantegiak Guardian multinazionalari erosi zizkion Parter Capital Group inbertsio talde suitzarrak 2020an. "Espainiako Audientzia Nazionalagatik ikertua izaten ari den funts putrea da Parter Capital" azaldu zuen EH Bilduko diputatuak.

Tubacexeko greba mugagabean ere, elkartasun keinu ugari eskaini zizkien diputatu abertzaleak Aiaraldeko langileei, eta Amurrioko piketean ere egon zen.

Mobilizazioekin aurrera

Bien bitartean borrokan, jarraitzen dute Laudioko 240 beharginek. Enpresa Batzordeak bilera egingo du gaur Ander Añibarro alkatearekin, eta Laudioko fabrikako zuzendaritzarekin eta Parter Capitalekin elkartzeko asmoa dute ere.

Ostiralean, aldiz, elkarretaratzea deitu dute Guardian eta Autoglas fabriken sarreran, "enpresaren etorkizunaren defentsan".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide